Hodei gorriak jotzen
I
Hodei gorriak eta izpiritu pozointsuak,
ene kontzientzia zuria eta itsaso urrutia,
lasterka ibiltzeko astia;
eta arratsalde amoltsuak
etengabe estutzen nau
ukabilkadak jotzen dituen bitartean.
II
Hatzazalak moztu ahal ditu elefanteak?
Elefantearen grina horixe bait da, alegia;
lapitzak ezin dira zorroztu
hainbeste itsaso ikusi ondoren;
asperturik ez ornen dago birgina
larrua jotzen.
III
Eguneroko itxura egiten du horrek,
pix egin eta deus ez amets eginez.
Tximeletaren ezbeharra, ordua,
udaberriaren bukaera, herioa;
hori da horren kezka,
beti adarra jotzen.
IV
Sentitzen dut hitzen zama, laztana;
ozenki, kaliputsuki erakusten du
bere mespretxua isiltasunak.
Korapiloak suntsituz,
begiei adi-adi begira
dago kanpaia jotzen.
V
Espaloian dago munduaren xilkoa,
zerrautsa eta odola garbituz gero;
ibiltarien presak itsutzen nau,
traidore eta koldarra bait da jendetza,
ohorea zanpatu ondoren
lur jota dagoenez.
VI
Kamustu egin da ezpataren desioa,
hainbeste gerra jasanez gero;
hildako umiliagarriek eta harriek
soilik dakite iturburuen izena,
ubelduak, uhertuak, beti daude
zainak jotzen.
VII
Pikorrak lehertzen dira ihes egitean,
iraganaren zantzuen antzera,
hezurrak, lehorretako seinaleak;
marinelei ez galdetu izarretako helmuga,
beren portura orain bait daude
buru jotzen.
VIII
Mantso-mantso nire auzokoak
eskailerak igoten ditu, bizitzaren kontra,
agurea, makilaz ahaztu da itzalpean;
bere oroipenek diraute
iraingarriak, musturrastunak,
hiletak jotzen.
IX
Harresiak zertarako?, galdetzen du kilkirrak
Baina matxinsaltoak badaki,
hau da ilargiaren erruz, gaueko azala,
muskerrak eta sugeak babesteko;
beren ondoso egon ohi da mozkortiren bat
larriak jotzen.
X
Gaur kanaberadien artean ubeltzen dira
ene orpoak; zapaburuak, arrubioak,
eta zeru morea, esperantzarik gabea;
landak betetzen dira usain astunez,
promesaz, susmoz, solas zuhurrez,
burutik jotzeko zorian.
XI
Asasinoak ihes egin omen du zalapartaka,
karriketan zehar, labanak, pistolak, alegia;
kontzientzia zuria, hau krimena;
ezin ditut gardantxiloa eta saia ahaztu
hitz ekaitz jario honetan,
natura gogoan jo nahian.
XII
Pavesek eta Bukowskik ez naute ezagutzen:
italiar poeta haundia suizidatu bait zen
bakartasunak gainditurik,
anitzen penak konpartituz gero,
eta bestea mozkorturik bait dago
potorroak begiz jotzen.
© Joakin Balentzia