Bildumaren zerrendara itzuli

 

 

Jaietan zebiltzan

 

Jaietan zebiltzan: jantzi berriak,

diru zoro piskat poltsikoetan,

gorputz gazteak,

eguzkia eta gau beroa.

Jaietan zebiltzan herritarrak

urtero bezala.

Egun horietan familiako gorrotoak

apaltzen dira nolabait,

eguneroko penak itsasora jaurtikiz,

lantokiak, auzitegiak eta gartzelak ere

erabat hertsirik.

 

Jaietan zebiltzan eta herriko enparantzan

jaizaleak elkartu ziren,

aberria bihotzean ere.

Baina atzerritar armatu malerusak

hara agertu ziren,

hegazti harrapariak,

eta jaiak akitu ziren;

ustekabean harrapakariak harrotu

eta beren ehizarako alderdi hura

oro zelakoan,

hatzapar odoltzaleez agindu zuten.

 

Jaietan zebiltzan herritarrak urtero bezala.

 

(Iruñea 78-Orereta 83 Noiz arte?)

 

 

© Joakin Balentzia

 


www.susa-literatura.eus