Bildumaren zerrendara itzuli

 

 

Morroi hura

 

Morroi hura gaizki erortzen zitzaidala

konturatu nintzenean,

berandu samar zen,

nire andrearekin ziria sartzen zidan

eta ongi izorratu ninduen.

Mendekatu behar nintzela bururatu

baina gero hobe pentsatuz

ezetz erabaki nuen,

ez zuela pena merezi.

Gizona mespretxatu nuen sinpleki,

nire kontura bizitzea erabakiz,

independiente eta bakarti.

Beti izan naizena hain zuzen ere.

Mendietara igon eta egun askotan

ez nintzen bailarara jeitsi.

Zertaz bizi nintzen?

Nire burutazioez.

Baina ezin nuen luzaroan jasan.

Etxera itzultzean,

hantxe zegoen andrea,

puta baten antzera irribarre egin zidan,

aierukor jarri zen argiro

eta amodioa egin genuen furiaz

egun askotan zehar.

 

 

© Joakin Balentzia

 


www.susa-literatura.eus