Bizia denaz gainetik
Egun batzutan neure buruko
muga klaru eta purua
hautsi egin da.
Inurri urduriak,
ustekabeko bisitari bitxiak,
nire garunean sartzean,
adimenaren iturburu sendoa
akitu egin da.
Baina, hondarrean,
arrazoi gorenei buruzko itaunketa
errukigabe eta gogorra
sufrituz gero,
dena argitu da benetan.
Bizia denaz gainetik,
baina bihotza harrapatuta
erremediorik gabe.
Esperantza ororen aurka
abentura uher honen bukaera
itxaron eta arindu dut
zorigaitz orokorraz sinestu gabe.
Bidaialagun erabat xelebre
eta gizarajoak ziren.
Beldurrez jositako jakinminez
itauntzen zidaten.
Beren zorigaitzaz pentsatzen nuen artean
beraiek neurea aztertzen zuten
errukirik gabe,
joku arauen agindupean.
Partida amaitzean,
beren eskuak estutuz,
edo emakumeak baziren,
aurpegiak laztanduz,
haur sentitzen nintzen
ama askoren semea bide batez.
© Joakin Balentzia