Bildumaren zerrendara itzuli

 

 

Arturratu du

 

Arturratu du,

baina eguzkia irteteaz ahaztu da

lurralde honetan.

Lainoa da jaun eta jabe.

Mendia dago berak poseditua

gaua laburregi egin zaion

maitalearen antzera.

 

Behiek, zaldiek, akerrek,

bildotsek ere, mendiari magala

basarkatzen diote,

eta nik ez dakit non nagoen

mordoilo bikain honetan;

Natura helezin eta gertua,

estrainioa funtsean.

 

Ez dakit oso ongi zergatik,

baina ene sufrimendua hasten da

mendiarekiko estaldura lainoak

utzi behar duelarik,

abereak bazkatzen ikusiz.

Agian bihotza okertzen da

eguzkia desiratzen.

 

Azkenik, hodeiek mantentzen dute

lurralde honetako liluramendu goibela

eta euriak, erregina ugalkorrak,

indarren oreka zaila inposatzen du.

Dena den nik ez dakit non nagoen

gatazka honetan,

baina ziur nago irabazle

ez naizela suertatzen.

 

Bihar, mendian ibiltzean,

bero hezean zehar erakarriko nau,

berriz, belarraren giza hazizko usainak,

lurrin ezti eta saminak,

emearena bezalakoak.

Belardietako lamia, Natura,

erakarkor eta beldurgarria.

 

 

© Joakin Balentzia

 


www.susa-literatura.eus