Bildumaren zerrendara itzuli

 

 

Gaur izan da leherketa

 

Gaur izan da leherketa,

iratzeak, mendi gorriska, begi astunak,

eguzkiaren besta udazken iheskor honetan.

Suge ezkutuek ez zekiten zer egin,

edo bihotzean sartu edo aizkoran kiribildu;

errekak mugatzen zuen aukera zaila

amets sentikorrak igarriz.

 

Suizidioari buruzko solasak

irain huts bat zirudien honelako egun batean,

hiltzeko eskubidea, bizitzeko ezina;

zianuroa eta akabo, eskatu omen dute

zenbait estatu batuar gaztek

bukaera nuklearra baino lehen. Bapo,

zain ilunak moztu eta hegaz egitera.

 

Usoak, tiroak, zeru haserrea,

eta barnean ardoa. Urtxintxa barre eginez,

zuhurra, ehiztariez hunkitzen da funtsean.

Eta nik, ikuskizun guzti honen aurrean,

harrapatu nahi ditut

hezedura distiratsu honen eta

hartzen desagertzearen zentzua eta

haur ametsen zergatia.

 

 

© Joakin Balentzia

 


www.susa-literatura.eus