Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

GIZON BAT KORRIKA
LUR HARTZE PISTAN

 

Aireportuek duty freeak dituzte bakarti

konpultsiboen eskuak tabakoz betetzeko.

Dirukutxako zintzarri soinuak

damuari deitzen ote dion.

Irudipena. Duty Free.

Free Mumia Abu-Jamal. Set Drugs Free.

Beti galdetu izan diot nire buruari

nor ote den Duty hori.

Aise imajina dezaket

import-export exekutibo gizen bat

Duty My Darling, Non Utzi Duzu

Atzoko Soineko Barruan Bizi Zitzaizun Keinua, esaten.

Horrelako zerbait esaten isilik ez geratzeagatik.

Patrikak eta maletak bete euri,

atzerapenari bizkarra emanda

eserita daude beren borondatearen kontra

irauntzaile izatera kondenatuak.

Hainbeste jende koldar, nor bere istripuaren bila.

 

Setazko galtzerdi eta begizulo galeriak,

sandwichen asepsia, jendea jendearen bistara,

bonboiak eta litxarreria kontsolagarri.

Esperantzari des zaporgea gehituz.

Une batez hegazkin baten ordutegi atzeratuan

begiak lerratuz

gurutzegrama deszifratu eta

bizitza berregin daitekeela

sinesten duten hatz erakuslea eta eraztuna.

 

Hegazkinen inguruan ez da ordea inor,

zementuzko hektarea hutsak baino ez.

Lur hartze pistak hegazkinendako dira

ez diete bidaiariei bertan geratzen uzten

berehala gidatzen dituzte

itxarongela eta korridoreetara,

oxigeno maskarak behar balituzte lez

hegazkinen inguruak fumigatu berriak baleude lez.

 

Baina egon behar du tribu bat

aireportuetan desagertu eta

aireplanoen sabeletan bizi dena.

Radarretan ez agertzeko

beti makurtuta dabilen Nôtre Dameko konkorduna.

Argia eta behelainoa ugazaba.

 

Axola zaizkidan lekuko guztientzat ikusezin

aireportuetan beti esnatzen naiz amesgaiztoetan

bere burua xake taulan atzematen duen

zaldi gorria lez

bakarrik eta korrika eta izututa

 

irteerarik gabeko lur hartze pistan

 

itzulbiderako seinalerik eza

eta sukarra.

 

 

 

© Harkaitz Cano

 


www.susa-literatura.eus