Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

HURKOA MAITATZEKO ERA ARRAROA

 

Aiherkundearen arkeologo maiteok:

begien kare zurian lurperatuta

aurkituko dituzue zuen bertuterik onenak.

 

Zoriontsu zareten lagunok

mesedez ez iezadazue idatzi

zein zoriontsuak zareten esateko.

Ez da hitzartu genuen adiskidetasun itunean

halakorik jasotzen.

Zoritxarren bilduma da nik egiten dudana

zein gaiztoak diren zuen umeak

zein putzutan ito diren zuen katuak eta zakurrak

zenbat ahaide maitatu hil berri zaizkizuen

herentziarik errendatu gabe.

Zein triste zaudeten neskak, aztarnarik utzi gabe,

ihes egin zizuen egunetik.

Eman iezadazue zuen gaixotasun sendaezinen berri

droga gogor edo ez hain gogorrekiko

menpekotasunaren

eta bizitzaren jasanezin eta nekezaren berri,

merezi arren

jaso ez duzuen kritikaren sari horren berri.

Nahiago dut dirua eska diezadazuen

zoriontsu zaretela jakitea baino.

Gauzak oso gaizki daude eta otoi:

ez nabarmenarazi zuen poz susmagarri hori

jendaurrean

osterantzean norbait —ni neroni, akaso—

oreinak ehizatzeko fusil batekin sar daiteke gauez

zuen etxera, berari zor zaion zatiaren bila.

 

Eta maite zaituztedanetik,

ez dizuet horrelakorik desio.

 

 

 

© Harkaitz Cano

 


www.susa-literatura.eus