Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

PAUL KLEE

 

Zure egunerokoan idatzirik laga zenuen:

begi batek begiratzen duenean

besteak sentitu egiten du.

 

Ez ukatu norbait besarkatu eta begiak herstean

txalupa behiala abandonatuaren kulunka desagertua

begien hondoan sosegu triste bat sentitzen ez duzunik.

 

Zure burua neurri konfesaezinetaraino nahastu

eta nahi duzuna zure buruari nahi zenuela

sinetsarazitakoa besterik ez dela ikusten

sentitzen duzu.

 

Ez ukatu mundua bere ardatzean mantentzen duen

resignazioa sentitzen ez duzunik:

bart gaueko kafearen kondar lehor eta hotza

egunsentian

sukaldeko leiho ondoan topatzen duzun kondar bera,

baina ez katiluan, begien hondoan baizik.

 

Norbait besarkatzen duzunean

eta besarkatzen duzulako

begiratzen duen begirik ez dagoelako

biek sentitzen dute.

 

Eta norberak, begi edo pertsona bakoitzak,

bere egunerokoan du idazten.

 

 

 

© Harkaitz Cano

 


www.susa-literatura.eus