Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

FGL

 

Aurpegi baten bila hiria zeharkatu duenak soilik

dakizkien gauzak.

 

Jainkoa ikusi dutela

begirada anker bat maitasunezko batetik bereiztea

ezinezkoa den orduan

sute-eskaileran behera

berandu eskolara

bus leihoetako lurrunean marrazkiak egiten dituen

haurraren izua bezala berandu.

 

Aurpegi baten bila hiria zeharkatu duenak soilik

dakizkien gauzak.

 

Ehun begi pareko piztia esnatzen da hiria

eta pertsiana bakoitza begi bailitzan irekitzen dela

poliki tiraka neska bat tiraderari.

Eta duela berrehun urte jaio izan balitz

itsasontzi bateko belak

tinkatuko zituzkeela neska horrek.

 

Aurpegi baten bila hiria zeharkatu duenak soilik

dakizkien gauzak.

 

New Yorkeko portuan

beren ogibide bakarra

leiho altuak irekitzea den langileak

ehunka etorkizun igarleekin pilatzen direla

Hudson ertzean oihuka:

 

«Hor doa, hor doa hemendik sei urtera

olibondoen artean fusilatuko duten poeta!»

 

Anartean Federicoren aurpegia ezkutatzen da

kamarotean

ulertu gabe entzun gabe ikusi gabe jakin gabe

amorante guztien bizkar hotzetan dabiltzala

Rimbaud eta Lizardi

berataz galdezka.

 

 

 

© Harkaitz Cano

 


www.susa-literatura.eus