Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

HASBERRIA

 

Begiratu lurrak hatzekin eta begiekin deitzen dituen

kartoizko etxeei.

Legez kanpoko rasantea,

negutegietako errezelak leihoan,

loteria dezimo atzeratua karbonerako zokaloan.

Etxe horiek dira hirigintzara

restopak autobideetara direna.

Probisionaltasunaren indefinizio luzetsia.

 

Begiratu

lurrak arranguraz eta errukiz deitzen dituen etxeei.

Dadoak bailiran eskuetan hartu eta

intxaurren eran

elkarren kontra kraskatuko nituzke batzuetan

barruko bizilagunei

samurtasunez begiratzeko.

Zuhaitzen zainak txirikordatzen diren eran

elkar laztantzen duten

eskurik ba ote tximiniek eraiki kezko sardeetan

astronauta proletarioek insomnioetan

burkoei hortzekin egindako hieroglifikoak

—ez korrejitu azken hau, arren,

eufemismoa izanagatik hieroglifiko orbainentzat—

masail gorritu batek eragindako bizinorabidearen

aldaketa ustekabea

neska bat, laurogeita hamar graduko angeluan ilea

lerroz lerro lehortzen

bertan arropa zintzilik jartzeko asmoa bailuen.

Bere barruan ezkutatzen utziko didan norbait.

Berdin zait, norbait.

 

Baina ondo pentsatuz gero, utzi bakean.

Utzi bakean intxaur luzetsi horiek.

Ahaztu esan dudana.

Nahiago dut errezelik ez altxatu.

Dadorik ez kraskatu.

 

Hasberriak bakarrik liluratzen dira pertsonekin.

 

Baina halere, egin al dezakegu besterik?

 

 

 

© Harkaitz Cano

 


www.susa-literatura.eus