Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ALBISTEAK

 

Bederatzietako albistegia hasi eta

apaizak begiak altxatuko ditu bibliatik

horma-erlojuko penduluak bere traiektoriaren

muga geldia joko du

esaldi bromatsu bat isiluneak etenik geratuko da

kontrako eztarrian zeharkaturik

labanak platereko okela indultatuko du une batez

eta ehunka sukalde mututan

ehunka zopa koilarakada

geldirik geratuko dira ahoen atarietan

bakelitaz irazitako erle ahotsak esaten duenean

«Tiro guztiak aurretik izan dira

azken berrien arabera».

Gero koilarak bere bidea jarraituko du ahorantz

zopa supituki hoztuagatik

bibliak begien doilorkeria zurrupatuko du ostera

horma-erlojuko pendulua beherantz amilduko da

paraxutista suizidaren gisan.

Norbaitek alkandorako patrika tapakatuko du

tabako paketearen koartadarekin

taupaden hondakinek bertan jarraitzen dutela

baieztatzeko

eta labanak ebaki leun eta ia igartezina

eginen dio platerari

han azpian, okelaren pean

min ematen duen lekuan.

 

Labanak agindutako zentzu diagonal berean

irekiko dira oheetako izarak, azkenik.

 

 

 

© Harkaitz Cano

 


www.susa-literatura.eus