Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

AURRESENTIPENA

 

                Bai lasaitu ederra!

                Zuhaitz bat baino ez zara,

                eta ezin nauzu jarraitu.

                              Felix Francisco Casanova

 

Fruituak, erortzear denean,

bere organo bital guztiekin

zuhaitza agurtzeko betarik balu, bestela izango zen.

Azalpena merezi zuenak izango zukeen azalpenik.

Elkarri sorbalda eta garondoa helduz

besarkatuko lirateke, ginateke,

baita etsaiak ere.

Erlojuari begiratu eta arnasa hartu, iritsi da ordua.

Horrela hasten dira istorio guztiak

izorratzen.

Hor kanpoan, apartamentu ezezagunen batean

norbait ari da

kaxoiak arakatzen, traizio gutun baten bila.

Ez da nahikoa baina hasi lekukorik izan ez dadin

hormetako argazkiei buelta ematen,

errezelak eta sarrailak itsutzen.

Isilegi dago dena, mamuen idazkariak begira zuri.

Oraindik egin ez duzun etxe-aldaketa bat

ikusten duzu.

Aurresentitzen duzu gertatzera doana

apartatzen zara munduaren tiro angelutik,

zugan hezurmami ez dadin aurresentitzen duzuna.

Hegazkin bat igarotzen da

zeruan DAMUTU DAMUTU DAMUTU izkiriatuz

fumata zuriarekin. Da-zer?

 

Mutu da.

 

Errezelak hersten dituzu. Kanpotik

itzalak izendatzerik izango ote den otutzen zaizu.

Ez duzu inguratu nahi leihora, Gary Cooper dirudizu

errebolberraren puntan kapelua jarrita,

burua haitz artetik ateratzen duelakoa egiten.

Amarrua irentsiko dutelakoan?

Kapelua tirokatuko dizutena uste duzu?

Xaloa zara gero. Ez duzu gezilaria

trikimailu merke horiekin engainatuko.

 

Hutsik egiten ez duen navajoa da errealitatea.

 

 

 

© Harkaitz Cano

 


www.susa-literatura.eus