FAMILIA ERRETRATUA
Ongietorri miserableen erretratura.
Zure aulkia ispilua gainean duena da.
Amodiozko kartak garbira pasatzen dituena
eskuekin keinu egiten ari zaizu.
Ez eman elkarrizketa gehiegi, zure egonarriarekin
bukatuko du bestela.
Eskutitz lapurtuak irakurri eta argazkien gela ilunean
eskuak garbitzen dituena aurrez aurre duzu.
Kaixo egiten dizu, egin kaixo.
Ez Da Hori, Gustura Nago Baina eta antzeko hitzak
konbikziorik gabe esaten dituena
bere ondoan jesarrita.
Bizitza guztia ez dena dela erakutsi nahian.
Haren ondoan zu. Beste miserable bat.
Bidaia baten ertzean zubirik eraikitzen ez dakizuna
bizitza apur bat seduzitu eta beste apur bat
seduzitua izatean datzala
eta beste guztia eszenografia hutsa dela
onartzen ez duena
egunkarietako izenburuak erakusten dizkiotenean
existitzen ez dela argudiatzen duen jainkoa bezala,
miserablea.
Miserablea zu, miserablea ni, miserablea everybody.
Barkatuko ez duela esan
eta barkatzen ez duena bezala.
Maleta prestatzetik korrika dator
bihar fotoa eta senarra
abandonatuko dituen lehengusina.
Irribarre egin. Hau albumerako da.
Haur batek jakin behar ez lukeen hitza
bazkaloste jendetsuan ahoskatzen duenean
lotsatzen den gurasoa makurtu egin da
ahalkea mahaipean ezkutatu nahian.
Denak isiltzen dira eta klik.
© Harkaitz Cano