Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

 


 

LABURPENA

 

Ez diogu eman munduari bueltarik.

Mesanotxean ez zegoen saririk.

 

Telefonoa joka bulegoan.

Usoak urrumaka espaloian.

 

Zu maitatzea zen izotz artean saltoka ibiltzea,

haize zorrotzaren deiei baietz, baietz esatea.

 

Antsiatzea urmaelen bat-bateko krakada,

animalia-larrua glaziarren oinetan pozik uztea.

 

Eta beste antartikan, tipula nahiz arima zuritzea,

geranioari eta bizitzari lurra aldatzea.

 

Itsasbeheran azaleratu egin da uharritza,

balea zaurituz bete zaizkigu ametsak.

 

Ospeldurak limoiz igurtzi ditut zure hil-beilan,

soinekoak urratu eta erauzi ileak.

 

Zer hartu opari haietatik? Gabetasuna eta

zure bihotzak buruari ostutako eromen leuna.

 

Orain loratzen ari zait azal hauskara:

ez zara jai, ez zara gai, ez zara zor, ez zara inor.

 

Ahanzturak milikatuko dizkigu erraiak.

Elipsien puzzle bihurtzear dugu memoria.

 

Ez diogu eman munduari bueltarik.

Ez nizun, haatik, eskatzen nik askorik.

 

Eguneroko deia, guraizan sinple hori,

bide bat heriotzarantz, giltzarik eta obulurik barik.

 

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus