Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

 


 

UNE DANSE DE FOLLIE

 

Gaur ere hartu dizkizu eskuak. Oraingoan patu onik ez leitzeko. Men egin diozu haren nahiari. Ez da gure ahala nor maitatu.

        Gardena da sala, gardena dena. Txilioka otsaileko eguzkia leihoetan. Sofak hartu zaituzte akuario baten gisa. Zaude, gauden. Azken habitat bat dauka mindurak.

        Betazalekin laster arnastu duzu izerdiek hedaturiko bafa. Gero botaka egin duzu, Mirentxu: lorazepam, ipurtargiak, ardo-negarra.

        Zokoz zoko zabiltza zulo bila. Uluka zulo bila. Errezel artean zabiltza ate bila. Uluka ate bila. Dantza itzazu artaziak eta mihia, triskatu josturak eta burbuilak. Hil bitsa.

        Maite ez zaituelako nahiko zaitu. Gurtuko du zure egikeren segurtasuna. Écoute-moi, tu le sais bien: je ne regrette rien. Hutsetsiko mugetan soilik leher litekeen bizia, musu abisalen tinta, hau guztia.

        Itxi egin da ostatu zenuen eskua, itsaspeko leizea argiaren txerari bezala. Zerk eusten zaitu orain, zure oin astunek izan ezik? Nork esango gozo haren izena, zeuk esaten zenion eran? Milaka espora antzu hegaldaka goizero, hiritik herrira, ezdeusak.

 

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus