Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

 


 

URRUNAGO IGERI

 

Ez du balio men egiterik.

Garaia da esateko.

 

Hona hemen nire ile gorria,

mamu tematien kukuleku.

 

Behatu nire begiei,

bata itsua, bestea hautsez josia.

 

Hauxe da nire mihia,

partez zigortu ezina, partez jada galdua.

 

Horra nire eskuak,

adabaki-jartzaile, iruzurren predikari.

 

Hemen da bularra,

argitan erdi bi eginik, eta hain ilun.

 

Ikusi gerria eta sabela,

urdinduraren ehizaki bigun zimur.

 

Izterrak, belaunak, orkatilak, oinak,

biki tristeen gisako, barbaroen erasopean.

 

Andre mamitsua nauzu:

euskal poesiaren larrosa.

 

Txute bat zainetan da nire usaina:

zientoka liztor datozkit hurrupan.

 

Ispiluak ditut azalean:

nire trakeak badu izan bere mintzoa.

 

Ez du balio fedea galtzerik.

Zehatz jo du, tai gabe, urrunago igeri egiteko orduak.

 

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus