Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

 


 

GAZA GRISA

 

                        Lanbroaren beste aldean idatzirik dagoen

                        halabehar itsua baizik ez da bizitza.

                                                          Xabier Lete

 

 

Oraintxe da bizitza biraka aritzea,

urari, bisutsari aurrez aurre behatzea,

gau minean mekanoak osatu eta apurtzea.

Oraintxe dator errezela astintzea,

bisturiak zorroztea lainoa zabaltzeko,

itzaletan galduen oihalak tolestea.

Oraintxe dut izena katilu eta belaki,

zure keinu bakoitza merkurioa da tantaka,

eta gure zera hau... zera, itsasora jaustear den

bonbaren harridura.

Oraintxe baldin badit armiarma-sare grisak

burmuin grisa endredatu,

oraintxe gristu bazait baginako mukia,

eta hezurrak gristu.

Oraintxe da kea, oraintxe zubiak,

oraintxe usoen lumak eta eulien hegalak.

Oraintxe koltxoia zizarez josia.

Oraintxe tantaka oinazpietatik itogin zabalak

eta baratze bat pizten urratsen barruan.

Oraintxe ari naiz neurtzen metalen pisua,

egarriaren bihotza, erlojuen boza.

Oraintxe ni ilgora, sarraila zurkaitza,

argazkien errai, zilar erreen atoi,

otsemearen ulu, harearen ispilu.

Oraintxe da hitza zaurien lotailu.

Oraintxe bizitza nire gaza grisa.

 

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus