Aurkibidea
Chants Basques
Agosti Chaho
Aitzin-solasa
Patri Urkizu
GERRA ETA LAUDORIO
Gerlako koplak Luis XIVen ohoretan
Laphurdi, Baxa-Nabarre, Ziberua gureki
ITSAS KANTUAK
BALADAK
IRRI ETA ZIRI
Koplak Haltsu eta Jatsuren aidean
Soro arratoia eta etxe arratoia
AMODIOZKOAK
Eztizüt ez nik phentsatzen hiltzia
Gaiaz nenguelarik lo eginik ohian
Jilofreia eijerra, zük naizü xarmatzen
Khantore bat herritik aphirilan emanik
Khantoriak berririk Ozarainen eginik
Khantoren egiteko sujeta berririk
Khantu berriren khantatzera nuazü
Maite bat maitatzen det maitagarria
Mila ta zortzi eunta zortzigarren urtian
Mila zortzi ehun eta hogoi eta hamabian
Txori erresinula üdan da kantari
Txori erresinola, hots emak eneki
Ürzo aphal gaxuak hasperen egiten
Xarmagarri bat dizut maite bihotzeti
Amodioa
Agosti Chaho
Aurkibidea
Chants Basques
Agosti Chaho
Aitzin-solasa
Patri Urkizu
GERRA ETA LAUDORIO
Gerlako koplak Luis XIVen ohoretan
Laphurdi, Baxa-Nabarre, Ziberua gureki
ITSAS KANTUAK
BALADAK
IRRI ETA ZIRI
Koplak Haltsu eta Jatsuren aidean
Soro arratoia eta etxe arratoia
AMODIOZKOAK
Eztizüt ez nik phentsatzen hiltzia
Gaiaz nenguelarik lo eginik ohian
Jilofreia eijerra, zük naizü xarmatzen
Khantore bat herritik aphirilan emanik
Khantoriak berririk Ozarainen eginik
Khantoren egiteko sujeta berririk
Khantu berriren khantatzera nuazü
Maite bat maitatzen det maitagarria
Mila ta zortzi eunta zortzigarren urtian
Mila zortzi ehun eta hogoi eta hamabian
Txori erresinula üdan da kantari
Txori erresinola, hots emak eneki
Ürzo aphal gaxuak hasperen egiten
Xarmagarri bat dizut maite bihotzeti
Amodioa
Agosti Chaho
Aitzin-solasa
Patri Urkizu
Agosti Chaho [1], erromantizismoaren lekuko eta gurean aitzindari aparta izan zen atharraztarra, XIX. mendearen erdi aldean prestatzen hasi zen garai hartan ederrena eta oparoena izan zitekeen kantu bilduma, euskal kantak pairatzen ari ziren galera eta hondamenditik salbatzearren.
Leku berezia eman zien egile ezagunen (Jean Diharce «Pudes», Erle Galarragakoa, Jean Martin Hiribarren, Hohi Xohütakoa, Jose Maria Iparragirre, Agustin Iturriaga, Juan Ignazio Iztueta, Jean Baptiste Larralde «Bordaxuri», Jean Robin, Pierre Topet Etxahun...) poemei eta kantei, hala nola ahoz aho eta herria sortzaile zutenei.
Badirudi beti eztabaidatsu diren ortografi arazoak izan zirela, tamalez, euskal kantu bilduma honen moldiztegiratzea oztopatu zutenak, 1845ean Chahok kantutegiko bigarren kanta plazaratzearekin batera Ariel literatur aldizkarian honakoa adierazi baitzigun:
La seule question de l'orthographe, si importante pour la popularité et le succès de toute ouvrage, nous fait retarder la mise sous presse de L´Histoire des basques, des Chants populaires de la Navarre et des Provinces Basques, et d'un Dictionnaire Vasco-Cantabre universel, que la philologie réclame depuis long-temps et dont nous ferons bientôt hommage à la science européenne [2].
Bildumako hamar kantu besterik ez zituen argitaratu ahal izan berak zuzendutako Ariel aldizkarian, eta aipatu hiztegitik Abade-Maisu-rainoko Maileguen Hiztegia soilik [3]. Gazte hiltzearen ondorioak, agian; Chahoren heriotza 1858an gertatu baitzen eta orduz geroztik ia mende eta erdi iragan behar izan du kantutegiaren eskuizkribuek plazara bidea ediren dezaten.
Eskuizkribu hauek oso sos guti batzuen truke salmenta publiko batean Baionan erosi ahal izan zituen Julien Vinson hizkuntzalariak, hitzon arabera:
Une précieuse source de renseignements m'a été fournie par un lot de papiers, dont je me suis rendu acquéreur à Bayonne, dans une vente publique, pour un prix minime; j'y ai trouvé beaucoup de chansons basques et beaucoup de musique: la plupart de ces papiers venaient de mon ami regretté Alexandre Dihinx [4], les autres avaient appartenu au brillant mais dangereux, écrivain basque Augustin Chaho [5].
Bitxia da nola, Vinsonek 1883an hitzok argitaratu zituelarik, zortzi urte geroago, 1891n hain zuzen, ageri den Parisen plazaratu katalogo batean Chahok eta bere adiskide Antoine Serpeillek [6] moldatutako Poèmes et chants populaires basques [7] izena daraman eta topatu ez dugun liburu edo eskuizkribua, zeina izan zitekeen beste kantu bilduma bat edo Vinsonek erakusketarako utzitako huraxe bera.
Urte batzuk geroxeago, 1898an Vinson berak Charles Bordes [8] musikologoak argitaratu berri zuen lan bat komentatzean diosku, hura baino lehenago ere pertsona asko saiatu zela kantak biltzen. Bere bibliografia saioaren bigarren liburukian aipatu kantuez ari zelarik honelaxe zioen:
Mais avant M. Bordes, beaucoup de personnes avaient recueilli dans le pays basque de la musique et des chansons. Je crois avoir, en originaux ou en copies, presque tout ce qui a été noté de 1850 à 1880 environ; et quant aux chansons, j'en possede plusieurs collections manuscrites fort intéresantes, notamment une qui avait été formée par A. Chaho. Cet ardente écrivain annonçait dans le Trilby, de Bayonne, le 11 août 1844, la publication prochaine d'un recueil de Chants basques: Romances, Mélodies, Chants de genre, Chansons de table, Récitatifs, Danses, Mélopées, etc., le ms. qui est entre mes mains se compose de 70 numéros comprenant chacun deux ou trois chansons ou diverses variantes de la même chanson avec des corrections et des notes de la main de Chaho. Il manque malheuresement les numéros 2, 3, 9, 16, 17, 26, 31, 33, 35 et 54; mais la table en donne les titres ou les premiers vers, ce qui permettrait de les retrouver [9].
Bozkarioz esan behar dugu, 1898an maleruski falta ziren kanta horiek ediren ahal izan ditugula beste eskuizkribu batzuei esker, eta osatu egin dugula 70 poema zituen Chahoren kantu bilduma.
Julien Vinson hil zelarik 1927an, badirudi bere aitaren paperak Paul Vinson semeak gorde zituela eta honek Georges Lacombe [10] hizkuntzalariari saldu zizkiola, eta hau eskuizkribu eta ikerketa lan paper mordo baten jabe egin zela.
Jose Antonio Arana Martijak [11] moldatu duen Lacomberen katalogoak 405. zenbakian honelako xehetasun adierazgarriak ematen dizkigu eskuizkribuari buruz:
Collection de chansons basques (Vinson, Lacombe, Vilallonga [12], M. Sota [13], Dassanceren oharra). Doinuak eta aireak.
Chants populaires de la Navarre et des Provinces Basques: 114 kantu zerrendatuak (Falta dira: 1, 3, 9, 16, 17, 26, 31, 33, 54).
Chansons copiées dans le manuscrit prêté par E.: 11 kantu.
Zerrendatu gabeko kantuak.
Antza denez, Lacombek bildu paperen artean beste kanta mordoxka bat ere agertu zen, eta ondorioz hasieran 70 kanta soilik zirenak ehundik gora izatera iritsi ziren. Horrela, eskuizkribuko ohar batek adierazten digunez [14] Jean Haritxelharren eskuz egina dudarik gabe, bilduma hau Manu de la Sotak berrikusi eta berbildu zuen 1957ko urrian, 114 kantaren lehen bertsolerroa emanez.
Horrelaxe zerrendatzen ditu eta lehen bertsolerroak argitaratzen Haritxelhar jaunak [15]. Aitortu behar dugu ez direla eskuizkribu hauetan 114 kanta soilik, 147 baizik, eta zerrendan emandako 8.a eta 73.a kanta berbera direla, halaber 10.a eta 52.a, 114.a eta 73.a, eta 106.eko hiru estrofak (25, 27. eta 31) 31.aren zatitxo bat besterik ez direla, hots, estrofen aldaerak.
Georges Lacombe hildakoan, honek bildutako liburu eta eskuizkribu oparoetatik batzuk Telesforo Monzonek eta beste batzuk Julio Urkijok hartu zituzten 1948an, Pierre Lafittek dioskunez:
Lacomberen liburu eta paper andana bat Monzon jaunak erosi baitzituen gure adiskidearen arrebari, nor harritu, ni harritu paper horietan ikusi ditudalarik Darricarrère zenaren esku-lanak [16].
Duela aspaldixko Haritxelharrek zioen bezala [17], Monzonen liburutegian zegoen Chahoren kantu bilduma hau argitaragabea da, oso garrantzitsua euskal kantaren historiarako eta ikerketarako, Chaho 1858an hil zenez, J.D.J. Salaberrik publikatua baino bederen hamabi urtez zaharrago baitzen, edota oraindik gehiago, dirudienez jadanik 1845. urterako burutu samarra baitzuen.
Monzonen eskuetara Luis Dassance Uztaritzeko alkatearen alabaren bitartez iritsi ziren. 1975eko abuztuaren 13an igorritako gutun batean honela mintzo zitzaigun Dassance:
Adiskide maitea,
Berant bada berant, bainan esku on eta seguretan emanik gibelerat igortzen daizkitzut Chaho eta Lacombek bildu kantu xaharrak.
Bihotzetik milesker, kantu hoiekin pasatu baititut oren goxo batzu...
Bainan orai ez detzazket balia. Zenbeit ilabethe hautan, bixta galtzen hari dut eta biziki nekez dut irakurtzen eta iskiriatzen. Egingo nintuen lanak betikotz utzi behar...!
Agur bihotzetik eta, Jainkoak nahi balinbadu, elgar ikus arte zure fidel.
[Gutun-azaleko oharra: Hirur aldiz huts egin zitu ene alabak. Barkatu, beraz, berant izaite hau. Bihotzetik, agur]. [18]
Behin baino gehiagotan altxatu izan dira ahots zenbait dolu eginez, Chahoren kanta bilduma oraino argitaragabea zegoelako; hala nola Pierre Lafitte, Jean Martin Hiribarrenez mintzo zelarik, Chaho beraren hitzak jasoz eta komentariotxo bat eginez zioenean:
Nous prions d'ici notre ami phileuskarien de recueillir pour nous, dans le cercle des ses pérégrinations poétiques, toutes les inprovisations dignes d'enrichir notre prochain édition des Chants populaires de la Navarre et des Provinces Basques. Cette édition des Chants populaires n'a jamais paru et c'est regrettable [19].
Chahok 1845ean Ariel-en egindako eskaeran nabarmentzen da Jean Martin Hiribarren adiskidea izan zuela kantu bilketan laguntzaile eta honen eskua nabari da eskuizkribuko zenbait kantutan. Bestalde, ezaguna da baita ere, 1973ko Lafitteren kexua, non esaten zuen dolugarria zela oraino kanta bilduma hura plazaratu gabea izatea.
Hogeita hamar urte geroago, euskal ikerketek aitzinamendua egin dutelarik ere, gaur arte argitaragabe egon da Chahoren kantutegia, nahiz eta anitz, besteak beste Jean Haritxelhar [20], Jean Baptiste Orpustan [21] eta Antonio Zabala [22], bere barneko urre bitxiez baliatu ahal izan diren.
Erabili ditudan eskuizkribuak, beraz, Chaho, Dihinx, Vinson, Lacombe, Etxart [23] (?), Monzon eta azkenean Euskaltzaindiaren liburutegian dagoen CD-ROMaren kopia fidagarriak dira, besterik ezean.
Eskuizkribuetarik liburu honetara ekarri ditut Chahok bildutako 70 kantak, Vinsonek jasotakoetarik falta ziren hamarrak barne, hala nola Ariel-en eta bere liburuetan aipatzen dituen beste zenbait, 101era iritsi arte. Badakit zenbait kanta ezagunak izango zaizkiola askori, baina segur naiz beste zenbait ezetz.
Mintza gaitezen orain Chaho aitzin erbestean eta gurean moldatu kantu bilduma zenbaitez.
Katalan testu zaharrenean, XI. mende erditsutan idatzitako Agengo Canço de Santa Fe delakoaren bertsoetan irakurriko duzu:
Tota Basconn'et Aragons
E l´encontrada delz gascons
Sabon qals es aquist canczons
E ss'es ben vera esta razons... [24]
Hau da, Baskonia eta Aragoi osoan eta Gaskoniako mugetan ezagunak zirela kanta haiek, bertan ematen ziren arrazoiak benetakoak izan ala ez.
Europako mendebaldean hizkuntza erromanikoz mintzo ziren lurraldeetan, alegia, latinetik eratorritako hizkuntzetan jartxa mozarabeak [25] eta euskal kantak alde batera utziz gero Okzitania eta Galiza partean agertu ziren trobadoreek moldatu zituzten lehen kanta bilduma edo Canzioneiro-ak. Hauen artean lehenetarikoa eta ez ttipiena ospez eta kalitatez, Poitiers-eko kondea eta Akitaniako dukea izan zen Gilen IX.arena dukegu (1071-1126), zeinen Bizitzak garai hartako andere dastatzaile handienetarikoa legez, uns dels majors trixadors de domnas, hala nola gerlari amorratuen eta mendeko poetarik finenetarikoa bezala aurkezten duen egilea [26].
Galizarantz abiatu izan zen mende horietan koplagilerik aski. Hauen artean aipagarri dituzkegu Peire Vidal, Raimon Vidal, Aimeric de Pégilhan eta beste, Lope Diaz de Haro, Bizkaiko Jaunak Errioxaldeko Najeran zeukan gortean izan zirenak [27]. Haren zenbait poema irakur ditzakegu Martin de Riquer-ek trobadoreei buruz eginiko lan eredugarrian [28].
Galizan, beraz, eta Konpostelako Santiago inguruan ez zen bertako bertsogileen kantutegirik falta izan eta hauek literatura galaiko-portugesa izenez ezaguna denaren eta XIII. eta XIV. mendeetakoak diren lehen maisu-lanak osatzen dituzte.
Aro hartakoak dira, bada, kantutegi ospetsuenak, hala nola: Canzionero de la Vaticana, 1878an Teofilo Bragak [29] moldiztegiratua, Cancionero Colocci-Brancuti 1880an Enrico Moltenik [30] plazaratua, horrela deitua Angelo Colocci humanistaren eskuizkribua izan zelako eta gero Brancuti markesarena, eta Canzionero de Ajuda deitua, 1904an Carolina Michaelis-ek [31] argitaratua.
Erdi Aroa amaitzear dagoelarik eta beste garai batean sartzen hasten denean Mendebaldea, alegia, Errenazimentuan, badirudi Humanismoaren eraginez-edo hasten direla garaiko idazleak XV. mendearen bigarren partean kantu bildumak osatzen.
Euskal Herriaren mugetan ziren hizkuntzetara soaldia emanez gero, ikus ditzakegu kantutegi zenbaiten xehetasunak.
Gaztelaniaz lehen kantutegia 1445 inguruan osatu zuen seiehun kanta inguru bilduz Juan Alfonso Baenakoak Gaztelako Juan II.a erregeri eskaintzeko, eta horregatik deitua izan da Cancionero de Baena [32]. Garai horretakoa da Lope de Stuñiga, Iñigo Ortiz mariskalaren semeak bildu zuena, eta Canzionero de Stuñiga [33] izenez ezagutzen dena, zeinak Erroman den liburutegi Casatenensekoarekin eta beste zenbaitekin zerikusia duen. Napolesko gortean Alfonso V.aren inguruan biltzen ziren poeta anitzen poemak jaso zituen. Urte batzuek geroxeago, 1461 inguruan Mosen Hugo de Urries-ek bildu ziuen gaztelaniaz idatzitako garaiko bertso eta kanta xorta El Canzionero de Herberay bezala ezagutua den bilduman, Nafarroako erregina zen Leonorri eskaintzeko [34]. Cancionero de Palacio [35] izenez ezagutzen dena ere garai horretan bildu zen, eta Herberay-ko bildumak Nafarroako gortearen izaera eta nortasuna, gustoa adierazten duen bezala, Palacio-koak Baenakoak legez Gaztelako gortearena jasotzen du eta dauka kontuan. XVI. mende hasieran garrantzitsua izan zen halaber edizio ezberdinak izan zituen Juan del Enzinaren kantutegia, jada Salamankan 1496an moldiztegiratua [36].
Higino Anglès musikologoak [37] egindako lanean ikus dezakegu izan zirela Erdi Aroan Nafarroan musikari probentzal, italiar, aleman, flamenko, ingeles, judu, arabe eta, nola ez, bertakoak ere. Hauen artean ditugu Santxo Etxalekukoa eta Arnaut Ursuakoa, batek antze handiz lauda jotzen zuena eta hala zitola nola uztaidun bihuela besteak.
Gaston Paris, hizkuntza erromanikoetako literaturetan jakintsua zenak 1875ean argitaratu zuen XV. mendeko eskuizkribu batean ageri ziren kanta frantses mordoxka [38], eta hauen artean Une mousse de Bisquaye bertsolerroaz hasten dena. Honen lau estrofen azken bertsolerroek jasotzen dute zaldunari neska euskaldunak emandako erantzuna: Zoaz, zoaz, ordonarekin. Hizkerak ematen digun informazioaren arabera ordu onarekin, badirudi Gipuzkoa aldekoa izango zela neskatxa, eta ez Bizkaikoa.
Ottaviano Petrucci [39] Italian eta Pierre Attaingnant [40] Frantzian izango dira XVI. mende hasieran kantu profano gehien plazaratuko dituztenak.
Josquin des Près [41], Clément Janequin [42] eta Eustorg de Beaulieu [43], besteak beste, izango dira XVI. mendeko musikari ospetsuenetarikoak Frantzian, eta azken bi hauek nahiz Bernard Etxepare berak izan zuten euskal etorkiko abokatu eta humanista Bernard Leheteren babesa Bordeleko hirian [44] 1529an, horrelaxe adierazten baita ondorengo Eustorg-en esker oneko bertso hauetan:
Si tu trouvois de Musique aulcung Livre
Toy, Blaise & moy chantions jusque à my-nuyct [...]
Tu t'aconctoys de Clement Jennequin
Et d'aultres maintz, touz gens d'experience
Et où gisoit Musicalle science,
C'estoit en l'An mil cinq cens vingt & neuf.
Liburuaren sorrerak XV. mendearen erdian eta honen zabalkundeak mendebaldean aro berri bat ireki zuen gizartearen eta jakituriaren munduan; humanismoaren garai berria sortzen da, aski ongi eta zehazki adierazten dutenez Lucien Febvre eta Henri-Jean Martinek [45]. Eta ez zen Euskal Herria mugimendu honetatik at gelditu, dakigunez jada 1490 baino lehen Iruñean inprimategia kokaturik baitzen.
Bestalde, Oñatin jaioa zen Don Rodrigo Saez Merkado de Zuazolak 1540an bertako Unibertsitatea sortu zuen, eta Felipe II.aren agindu batek Teologia, Kanonak, Dekretalak, Gramatika eta Arteetako katedrak abiatu zituen, eta mendean zehar hirurehun bat ikasle pasatu ziren bertatik [46].
Esteban Garibai [47] historialaria izango da XVI. mendean kanta eta bertsoen berri gehiago emango diguna, bere oroitzapenetan batez ere. Hauetan kontatzen digu, txikitan Arrasaten apaiza eta korista zen Juan Abad oñatiarrarengandik honen birramona Milia Lasturkoaren eresiak entzun zituela, zeinetan aipatzen ziren ahaide nagusien arteko borrokei buruzko gertakariak; endechas de mugeres que por conservación de esta vejez las he querido referir aquí, dio espreski. Hauen artean Beotibarko guda aipatzen duena garaikidea balitz bezala iritsi zaigun euskal kanta zaharrena litzateke, non aipatzen baita gipuzkoarrek 1321ean nafarren gainean izandako garaipena.
Zaldibiak eta Lope Martinez de Isastik jasotako kanta honen beste aldaerez mintzo zaigu Luis Mitxelena [48], hala nola Guerrak ematen duen interpretazioaz Jon Juaristi [49].
XVI. mendekoak dira euskal poema eta kantu bilduma asko, Juan de Undiano, Jean de Etxegarai, Arnaud de Logras, Bertrand de Zalgize, eta Joanes de Larrunbidek burutuak. Tamalez, denak galduak daude, eta garaiko edota XVII. mendeko aipamenengatik ezagutzen ditugu soilik.
Kanta hauen lekukotza eta estimu handia ematen digu Michel de Montaigne-k bere Essais-etan, Des vaines subtilitez kapituluan. Honen arabera Montaignek ezagutzen zituen euskal kantak. Bordelen adituak? Agian. Garai bertsukoak baitira Bordelen 1545ean Leheteren babespean argitaratutako Bernard Etxepareren bertso eta kantak, hala nola 1558ko Entseiuak [50].
XVII. mendeko lekukotasunak askoz ere ugariagoak dira, noski, mende honetakoa baita lehendabiziko euskal liburu multzoa, eta batik bat lapurtera klasikoa izenez deitua izan den euskalkian idatziak. Ia gehienak, gainera, bertsotan zeuden. Poesia erlijiosoa izanen da ugariena, hala nola laudoriozkoa, dudarik gabe, baina Oihenartek plazaratu poesia liburuan amodiozkoek parte handia hartzen dute. Hauetarik batzuk oso gordinak zirela ere aipatzen digu Oihenartek berak Atsotitzetan (1657) ohaidecari hitza honelaxe komentatzen baitigu: ce mot estoit fort commun anciennement, comme l'on peut voir en plusieurs vieilles chansons [51].
Jacques Bela, Mauleko abokatu protestantea XVII. mende erdialdean idatzitako Tablettes deituriko entziklopedia moduko testu argitaragabean euskaldunen kanta zaletasunaz honela mintzo da:
Je tiens que le mot Cantaber fut donné aux Basques pour ce qu'ils sont joviaux et chanteurs, de leur nature, peut estre tenans de leur ancien parent Javal, père des joueurs de violons et d'orgues, et des pasteurs, au premier monde, duquel ces chanteurs promenoient de par Tubal, fils de Noë, establi en Espagne [52].
Hitzokin Belak euskaldunen kantarako jaiduraz dihardu, hala nola modan zegoen tubalismoaz. Belaren seme zen Belapeyrek bere Katexima laburra deritzan liburuan (1696), elkarrizketa hau azaltzen digu seigarren mandamentuaz mintzo delarik:
G(aldera): Xahu eztiren khantoren erraitia eta irakurtzia gaizki deia?
I(hardespena): Bai, hori da Jinkoari ogen egiteko bide agerian iartia [53].
Erdi Aroaz geroztik Bidasoaren bi aldeetarik kanta era guztietakoak ugari zirela adierazten diguten lekukoak ez dira falta. Esate baterako, 1321ean Lleidako sinodoak [54] elizetan eta kanposantuetan kanta profanoak debekatu zituen bezalaxe, 1452an idatzitako Bizkaiko Foruak halaberetsu debekatu zituen hiletetan emakumeen bertso eta kanta ziridunak, hots, poner coplas y cantares a manera de libelo difamatorio [55]. Debeku honek argi eta garbi uzten du, beraz, aski maiz ematen zirela horrelakoak eta arruntak zirela.
1536an Gaspar Gómez antzerkigileak argitaratutako Tercera Parte de la Tragicomedia de Celestina deituan, Perucho morroiaren amodiozko kanta ematen da, non ageri diren gabiraia eta usoaren irudiak.
Halaber Bartomeu Càrceres-ek [56] jasoko du billantziko eta entsaladen artean euskal bertsorik. XVII. mendean besteen artean Lope de Vega berak jasotzen digu amodiozko kanta bat Los Ramilletes de Madrid antzerkian (1615), eta aski luze mintzo da baita ere bizkaitarren amodiozko poemez eta hauen doinuez Rafael Mikoleta bere Modo breve de aprender la lengua vizcaina liburuan (1653).
Lope de Vega-k jasotako poema honako hau da:
Zure vegui ederroc,
ene laztana,
Cativaturic nave
librea ninzana [57].
Poema eta bertso hauek izan zituzten parekoak XVII. mendean, hala nola Arejitak bildutakoak, honelakoxeak direnak:
Vioza veguien
dago querella
Çana librea
ahec gaiti catiga çidilla [58].
Baina jakina den bezala gatibutasunaren irudia oso ezaguna eta topiko aski zabaldua da amodiozko bertsoetan, eta hauen iturri hurbila zitezkeen Juan del Encinak 1496an Salamancan plazaratu kantu bildumako billantziko batean ageri diren bertsook:
Villancico
Paguen mis ojos pues vieron
A quien más que a sí quisieron.
Vieron una tal beldad
Que de grado y voluntad
Mi querer y libertad
Cativaron y prendieron.
Cativaron mi querer
En poder de tal poder
Que les es forçado ser
Más tristes que nunca fueron [59].
Ugari izan ziren bai Frantzian eta bai Espainian moldiztegia asmatu zenez geroztik argitaratu ziren kantu bildumak, eta Michel Zink-ek [60] dioskunez, herri-kantak bezala kontsideratu izan diren gehienak, Frantziako lurraldean bederen XVII. edo XVIII. mendean azaldu ziren.
Azken mende honen erditsutan hasten da bereziki kontrajartzen Naturpoesie delakoa, hots, naturarena edo herrikoa, eta Kunstpoesie, edo aristokratikoa eta artifizioz moldatua, geroagoko ikerketek argi eta garbi utzi arren bien arteko zubiak eta harremanak etengabeak izan zirela, iturriak zein ziren erabakitzea askotan zail gertatzen delarik.
Thomas Percy [61] ingelesa, Macpherson-en lanaz baliatuz [62], eta Johann Herder [63] alemana izan ziren famatuenetarikoak XVIII. mendeko bigarren parte aldean egin zituzten kantu-bildumak zirela-eta, bide batez azpimarratuz herri-kanten balioa.
Tamalez 1729 urte inguruan Manuel Larramendik [64] Herder-en iturrietarik bat egin zuen euskal kantu edo poesia bilduma ez da guregana iritsi.
Iritsi zaizkigu, aldiz, zenbait kanta eta zenbait koplariren izenak XVIII-XIX. mendekoak direnak eta asko ingurune berekoak, hots, Zuberoa aldean den Barkoxe herriko semeak, zeinen izpiritu zorrotza eta irudimena goraipatu izan duten bai Chahok [65] bai eta Dassancek [66]. Barkoxeko koblakarien eskolakotzat ditut hauek: Beñat Mardo, Pierre Topet Etxahun, Alexis Arotx, Idiart Zalgizekoa, Artzaia, Dominique Haritxabalet eta bere burua Mardo eta Etxahunen jarraitzailetzat jotzen duena, besteak beste.
Beraz, Manuel Larramendiren kantu bilduma agertzen ez den bitartean, ezagutzen dugun egile ezberdinen lehen kantutegia Recueil de quelques pieces de vers anciens et nouveaux, 1798-a da. Baionako Euskal Museoan dago eskuizkribua eta 1987an argitaratu nuen [67], eta han bildu nituen 29 kanta-poemetarik zenbait bildu zituzten Chahok eta besteek.
Wilhelm von Humboldt hizkuntzalari alemanak 1799an eta 1801ean bi bidaia egin zituen Euskal Herrian eta Espainian zehar, eta Lorenzo Hervás y Panduro-k [68] Cesenako erbestean 1784an argitaratutako Catalogo delle lingue conosciute et notizia delle loro affinità ed diversità eta Herder-ek urte berean Rigan plazaratutako Ideen zur Philosophie der Geschichte der Menschleit liburuak izan zituen akuilu eta bultzatzaile. Hona Julio Caro Barojak Algunos mitos españoles liburuan zioena Herder-en ideiak komentatzean:
Al hablar el filólogo alemán Herder de los vascos, con verdadera simpatía, en sus Ideas sobre la filosofía de la historia de la humanidad, publicadas en 1784, se lamenta de que no estuviera recogida la poesía de este pueblo, que él suponía debía de ser tan interesante o más que la escocesa dada a luz por Macpherson, que entonces estaba maravillando al mundo, y dice: «Esperamos que pronto la lengua, las costumbres y la historia de un pueblo tan interesante y activo nos serán más conocidas; y lo que ha hecho un Macpherson por los gaélicos, un segundo Larramendi, sin duda, lo hará por los vascos, uniendo los restos de su genio nacional. Probablemente entre ellos se ha conservado la tradición de aquella batalla de Roncesvalles, que ilustrada por la epopeya monacal del arzobispo Turpin, ha dado nacimiento en la Edad Media a tantas novelas y poemas; por lo menos su país, como las murallas de Troya, ha llenado durante mucho tiempo la imaginación de los pueblos, con un cúmulo de aventuras que se creían verdaderas» [69].
Ideia hauek bultzaturik etorri zen Euskal Herrira. Laster, ordea, errealitatearen eta testu uztaren urria ikusirik ia etsi beharrean izan zen Humboldt, beraxek aitortzen digunez Adelung-en Mithridates-i ezarri zizkion zuzenketa eta eransketetan:
Uno de los principales objetos que yo me propuse en mi viaje a Vasconia fue el buscar los vestigios que pudiesen aun haber quedado de la más remota historia y del estado más antiguo del pueblo bien por medio de viejas tradiciones o de antiguos cantos nacionales: no obstante me encontré bien pronto desesperanzado de encontrar algún objeto importante. Puede ser que en ningún otro país, el celo mal entendido de los primeros habitantes cristianos haya llegado a conseguir la destrucción de todos los restos del antiguo paganismo como en éste. No se puede adquirir, ni de la constitución, ni de la religión, ni de las costumbres de los antiguos vascos una idea por poco satisfactoria que sea y apenas algunos vestigios mezquinos de este remoto tiempo se han conservado en la lengua, los nombres indígenas de los meses y días de la semana, algunos nombres propios en corto número (pues que el mayor ha sido sustituido con el de los nombres de los Santos) danzas y cuentos nacionales & Yo no he encontrado de los antiguos aires nacionales absolutamente más que el siguiente, que es un fragmento muy defectuoso, cuya antigüedad puede parecer dudosa por más de un motivo [70].
Humboldt Arrasatetik Gasteizera zaldi gainean zihoala, izan omen zuen euskal eta erdal kantak abesten zituen laguntzaile bat. Besterik ez lehenengo bidaian euskal kantez, baina bigarren bidaiaren ondoren bildu paperen artean hamahiru kanta aurki daitezke. Ez dut uste [71] zehatza denik Riezuk Humboldt-en paperak aurkeztean, hots, De la Música del País Vascongado lana zuzen ari denik, garbi baitago 1830ean Madrilgo Academia de la Historia-ko liburutegitik desagertu zen titulu bereko testua [72], Conok delako batena zena, dela. Bertako kantak honela sailka ditzakegu:
1. Ostatukoak (5); 2. Amodiozkoak (2); 3. Baladak (3, bat zaharra «Beotibar», beste bat tradizionala «Andre Emili», eta hirugarrena apokrifoa «Lelo»); 4. Irri eta Ziri (2); 5. Pilotarienak (1); 6. Jendetasunezkoak (1) eta 7. Sehaskakoak (1). Azken hau oso ezaguna da noski, Uauachuba lo lo lo bertsolerroaz hasten baita, eta denak Jorge de Riezuk [73] eman zituen Aita Donostiaren Kantutegia prestatzean.
Etienne Boucher de Crevecoeur-ek, 1819-1820 urteetan Pirinioetara eta Euskal Herrira egindako bidaiaren oroitzapen liburutxoan bi euskal kanta jaso zituen. Bat, Izar bat klaritatez beterik da, Chahok ere geroxeago jasoa, eta bestea Urak harria bolatzen hasiera duena [74].
Juan Inazio Iztueta folklorista, historiagile eta poeta gipuzkoarrak urtebete geroago argitaratu zuen Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira... [75], non hogeita hamar kanta inguru bildu zituen, bereziki dantzakoak, falta ez diren arren amodiozkoak, ardoarenak, sehaskakoak edo bestelakoak.
Frantzian kanta bildumak argitaratzeari jarraituko zaizkio literatur gizon ospetsuak, hala nola Théodore Hersaut de La Villemarqué [76], zeinak 1839an bildu zuen Bretainako kanta multzoa itzulpen frantsesa eta doinuak emanez. Gérard de Nerval [77] poetak ere plazaratu zituen 1842an frantses balada zaharrak, piztuz ahantzixeak zeuden antzinako kantak. Jean Sacaze [78] historiagileak ezagutarazi zituen 1843an Ossau haraneko kantak. Frédéric Rivarès-ek [79] Biarnoko kanta eta herri doinuak 1844an. Claude Furiel-ek [80] bi liburukitan bildu zuen poesia probentzala 1847an, eta Damase Arbaud-ek 1862an beste askoren artean Provence-ko herri kantak [81].
Chahoren euskal kantak biltzeko eta argitaratzeko saioa eta ahalegina testu-inguru honetan behar da kokatu. Eta berak kanta batzuk plazaratzea besterik lortu ez bazuen, Francisque Michelek Parisen 1857an plazaratu Le Pays Basque [82] liburu mardulean berrehun orrialdetik gora eskaini zizkion euskal kantari, eta Charles August Friedrich Mahn-ek urte berean Berlinen Denkmaeler der Baskischen Sprache-n [83] hogei kanta bildu zituen, neuk Egan-en berrargitaratuak [84].
Ezaguna da, Anton Abbadiak 1835ean egin zuelarik bere bidaia Britania Handian barrena eta ingelesez bere poemak idazten zituelarik, hauei euskal doinua ezartzen diela hauen arabera kanta daitezen [85]. Hala, From my mother´verdant isle, hots, Irlandatik idazten duen poema Mendian zoinen eder epher chango gorri-ren arabera eta A far from Erin sad tho proud, Aitaric ez dut doinuaren erara abesteko moldatuak daude. Biak datoz J.D.J. Salaberriren 1870eko kantu bilduman, baina hogeita hamabost urte lehenago ditu aipatzen Abbadiak, argi dagoen bezala, eta beraz, aski ezagunak izango ziren.
Agosti Chahoren anaia Jean Baptiste eta Jean-Pierre izan ziren lehenetarikoak, lehenak ez baziren izan, Pierre Topet Etxahunen kantez arduratzen, 1842an idatzi baitzuten batek frantsesez Histoire du Poète Etchaon de Barkus eta besteak itzuli zubererara Barde baten izaitia [86]. Lan honen frantses bertsioak, maiz gertatu ohi izan den bezala, lehenago ikusi zuen argia, Agosti Chahok Parisen zuzentzen zuen Revue de voyans-en plazaratu baitzituen 1838an.
Chaho 1843an, Parisen hamabi urte igaro ondoren, Euskal Herrira itzuli zen eta azken urte honetako udan irakasle izango da Zuberoan Xohütako gazteluan jaioa zen Hortense Karrikabururi frantses eskolak ematen. Karrikaburu andereñoa Félix-Elisabeth-Paul le Saulnieur de la Villéhélio-rekin ezkondua zen urte horretan bertan. Musikazale amorratua, euskal kantak biltzen saiatu zen, eta Xohütako jauregira erakartzen zituen soroetan entzuten zituen kantariak, eta hantxe pianora eseririk koplariei kantarazten zizkien zekizkiten ahaire eta melodia zaharrak, berak kopiatzen zituen bitartean, zein 1869an plazaratu zituen [87].
Ondoren, Zuberoa utzi eta Baionan kokatu zuen bere bizilekua Chahok 1844tik 1852ra, eta badirudi Lespès inprimatzailearen familian oso harrera ona izan zuela, honek gonbidatu baitzuen Trilby [88] egunkari ez politikoan parte hartzera.
Jakina denez, Trilby Charles Nodier-en Trilby ou le Lutin d'Argail (1822) eleberriko pertsonaia nagusiaren izena da, egileak ipuin eskoziarretarik jasoa. Deabrutxo baten antzekoa, bihurriagoa gaiztoa baino, eta bihurria baino areago bitxia, maiz ezti eta zerbitzari, mutil koxkor eskolagabe baten akats eta birtute guztiak ditu.
Chahok hasieran eman dugun artikulu bakarra [89] idatzi zuen bertan (ezagutzen dugunez), eta hau Euskal Kanten aurkezpen bat izan zen. Europako herri bakarra garela bertsolaritza, bat-batekotasun herritarra mantentzen, herri ttipia izan arren talde jakintsu garrantzitsu baten jabe ere izan garela, eta artzain-laborariek ere badakitela noizbehinka erraztasun handiz bertso grazios eta kaustikoak osatzen, zioen. Hauetan historia osoa, bizitza osoa, kanpoko egoera politikoa eta bizimoduaren barrena, jokoak eta gudak tratatzen direla, eta horregatik gal daitezen baino lehen hasi dela erreskate lanean. Doinuak ere ezarriko dituela, piano eta gitarrarako talentu berezia duten konpositore zenbaiten laguntzarekin.
Dena den, Trilby aldizkari ez politikoa zenez, Chahoren asmoetatik urrun gelditzen zen eta, beraz, hasieran igandero soilik, eta Lespès beraren zuzendaritzapean aldizkari berri bat sortzera abiatu zen. Lehen alea 1844ko irailaren 6an plazaratu zen titulu honekin: Ariel, Courrier des Pyrénées, et de L'Imbecilium-Club de Paris, scientifique, artistique et littéraire.
Bere helburua titulutik aparte honakoa hau zen: Favoriser des publications importants relatives à la Gascogne et aux Provinces Basques. Alegia, Gaskoina eta Euskal Herriari buruzko argitalpenak laguntzea eta bultzatzea.
Bosgarren alean (1844-XI-3) modan zeuden historiako eleberrien ildotik beste folletoigile zenbait bezalaxe hasi zen Chaho bere eleberri bat argitaratzen, honako tituluaz: Safer ou le diable fait homme.
Halaber, eta Trilby-n iragarri bezala, kanta zaharrak eta bertsoak argitaratzen hasiko zaizkigu Ariel-en Chaho eta Hiribarren 1845ean [90], otsailean hasi eta azaroaren azkena bitartean.
Kantutegi honetako gaiak orotarikoak dira, eta nolabait sailkatzekotan, argitasuna helburu, honakoak dira: Gerra eta Laudorioak (I-X); Itsas-Kantuak (XI-XIII); Baladak (XIV-XVI); Irri eta Ziri (XVII-XXXIX); eta Amodiozkoak (XL-CI).
Doinuei dagokionez esan behar dugu transkripzioan erabili ditugula bai eskuizkribuan ageri diren doinuak, hala nola Salaberri, Azkue, Barbier-Dufau eta Aita Donostiarenak. Gogoangarriak dira azken honen hitzok doinuei buruz:
Una observación hecha ya algún tiempo parece llevarnos a la conclusión de que es mayor el contacto, o son mayores las coincidencias melódicas de las canciones populares vasco-francesas con las francesas, que no de las vasco-españolas con las españolas [91].
Eskuizkribuari, Sotak 1957an ordenatu arren, sekulako nahas-mahasa dario, eta beraz, nahiz oso zail eta eztabaidagarri izan, beste ordena logikoago baten bila saiatu gara, eta gaika, jeneroka, kronologikoki, bertso motaren arabera edota alfabetikoki egin zitekeelarik, neurri batean hauek guztiak kontuan izanez burutu dugu gure edizioa. Irakurlea eta zehaztasuna kontuan hartuta egin dugu hori, grafiak eguneratuz (puntuazioa, maiuskulak, heria > herria, ikhousi > ikhusi, diharu > diharü...) euskalkien berezitasunak mantenduz eta Graham A. Runnals frantses misterioen ikerleak dioen eran la toilette du texte, orrazkera eginez.
Mende t'erdi pasatuxe denean hemen daude bildurik, beraz, Chahok bere liburuetan aipatu euskal kantak hala nola eskuizkribu bezala utzitakoak. Adierazgarria da, eta tamalgarria ere bai, hain denbora luzea iragan behar izana poema eder horiek osorik argia ikus ahal zezaten. Omendu dezagun bihotzez ahots goraz kantatuz.
[1] Patri Urkizu, Agosti Chahoren bizitza eta idazlanak, 1811-1858. Euskaltzaindia , BBK, Bilbo 1991.
[2] L'Ariel. Journal Littéraire de Bayonne, 1845eko otsailak 16, 20. zenb., 3.
[3] Patri Urkizu, «Agosti Chahoren Hiztegia», Memoriae L. Mitxelena magistri sacrum, ...ed. J.A. Lakarra. Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia, 1991, 349-363.
[4] Alexandre Dihinx (Uztaritze, 1830-1872), Baionako notarioa eta Uztaritze Herri-Etxeko partaidea eta idazle liberala. 1869-70 urteetan hainbat artikulu politiko idatzi zituen Le Libéral Bayonnais kazetan, eta hauetaz at Status de L'Association mutuelle de la Commune d'Ustaritz-en egilea dugu.
[5] Julien Vinson, «Avant-propos», Le Folk-lore du Pays Basque. Les Littératures populaires de toutes les nations. G.P. Maisonneuve & Larosse. Paris, 1883, T. XV, XV.
[6] Antoine Serpeille de Gobineau, Agosti Chahoren adiskidea eta honen Azti-begia (1834) saioaren frantsesezko itzultzailea.
[7] Augustin Chaho & Antoine Serpeille, «Poèmes et chants populaires basques». Catalogue d´une belle collection des livres et manuscrits..., Paris, 1891.
[8] Charles Bordes (Vouvray, 1863-Toulon, 1909), XVI. mendeko polifonian aditua, Euskal Herrira egin zuen bisita ofizial batean (1889-1890) bertako ehunen bat herri-kanta jaso zituen. Parisko Schola cantorum-a fundatu zuen. Schola ez zen musika erlijiosoaz soilik arduratzen, musika eskola ere bai baitzen. [D. Laborde et al., Kantuketan, L´univers du chant basque, mugi hitzen musikan. Elkar, Donostia, 2002, 49.]
[9] Julien Vinson, Essai d'une Bibliographie de la Langue Basque. Additions et corrections. Citations et références. Journeaux et revues. J. Maisonneuve, Paris,1898, T. II, 657.
[10 «M. Paul Vinson qui s´interese aux études basques et garde la riche bibliothèque de son père», George Lacombe, «Julien Vinson», Gure Herria, Baiona, 1927, 63.
[11] Jose Antonio Arana Martija, «Georges Lacomberen artxiboa», Federiko Krutwig-i omenaldia. Iker-10, Euskaltzaindia, Bilbo, 1997, 49-77.
[12] José Vilallonga Medina (1892-1967). Bonaparteren obraren ikertzailea: «Introducción a un estudio sobre Luis Luciano Bonaparte y sus trabajos», Eusko-Jakintza, 1953-1957, 39-58; «L´Accueil de la Soule à Louis-Lucien Bonaparte», Gure Herria, Baiona, 1957, 322-328.
[13] Manu Sota (Areeta, 1897-1980). Euskal idazle bizkaitarra. 1936ko gerra zibilaren ondorioz Miarritzera ihesi egin zuen. Euskaltzale handia, antzerkigilea eta bibliofiloa. Bildutako eskuizkribu eta liburu zahar zenbait Baionako Euskal Erakustegiari oparitu zizkion.
[14] Colecciones de poesias vascas revisadas y agrupadas por Manu de la Sota, octubre 1957.
[15] Jean Haritschelhar, «En torno a la balada», Congreso de Literatura (Hacia la literatura vasca). II. Euskal Mundu-Biltzarra. Ed. Castalia, Madrid, 1989, 461-493.
[16] Pierre Lafitte, «Georges Lacombe (1879-1947)», Euskera, Bilbao, 1979-2, 489.
[17] Jean Haritschelhar, «La chanson «Bortian Ahüzki» et son auteur inconnu», Gure Herria, Baiona 1962,124.
[18] Louis Dassance (Uztaritze, 1888-1976). Bigarren mailako ikasketak Larresoroko Seminario ttipian egin ondoren Laborantzakoak Parisko Institut National Agronomique delakoan burutu zituen ingeniari titulua erdietsiz. Lehen Mundu Gerla egin ondoren, 1939az geroztik bere herriko auzapez izan zen hogei urtetan. Gure Herria aldizkarian parte hartu zuen, eta Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakaria izan zen (1926-59). 1949an euskaltzain oso izendatua eta Donostian ospakizuna egitera zihoazenean gobernadoreak debekatu eta biharamunean Baionan egin zen. Euskal kantez anitz idatzi zuen. (Gutuna Chahoren eskuizkribuarekin batera dator).
[19] Pierre Lafitte, «Jean Martin de Hiribarren (1810-1866)», Euskal Herria (1789-1850), Actes du colloque international d´Etudes Basques (Bordeaux 3-5 mai 1973). Société des amis du Musée Basque. Baiona, 1978, 188.
[20] Jean Haritschelhar, «Baigorriko zenbait kantu», Gure Herria, 1963, 243-256.
[21] Jean Baptiste Orpustan, «Lire et comprendre les textes poétiques de tradition orale: l'exemple de la chanson souletine Atharratze jauregian», Lapurdum IV, Études Basques, Hommage au professeur Jean Haritschelhar. Baiona, 1999, 57-80.
[22] Antonio Zabala, Euskal erromantzeak. Romancero vasco. Auspoa, Oiartzun, 1998.
[23] Zein ote da eskuizkribuan E. bezala sinatzen duena? Haritxelhar jaunari galdatu eta hona erantzun zidan gutuna gaiaz:
Angelun, 2002 / 08 / 05
Adixkidea,
Barkatuko didazu beranta, bainan ez dizut argitasunik emaiten ahal.
Badu 40 urte ikusi nuela Chahoren kantu bilduma Etxahunen kantuak biltzen nituelarik. Ikusirik ez zela Etxahunen kanturik egin nuen kantuen zerrenda eta kopiatu Baigorri aipatzen zutenak.
E. hori ez dakit nor den, bainan ene ustez ez da zuberotarra, lapurteraz baita kantua eta ez du ezer ikustekorik Eppherre familiarekin, denak XX. mendekoak baitira, Sebastien, Guillaume eta Gregoire.
Agur bero bat.
Kontuan harturik hitz zuhur eta zorrotz hauek, pentsatzen dut agian Salvat Etchart, Getariako erretore euskaltzalea daitekeela, zein 1775ean Larregiren Testament çaharreco eta berrico historioaren examinatzaile gisa ageri den.
[24] Martin de Riquer, Historia de la literatura catalana. T. I, Ed. Ariel Barcelona, 1964, 198.
[25] Samuel M. Stern, Les Chansons mozarabes. Palermo, 1953.
[26] Alfred Jeanroi, Les chansons de Gillaume IX, duc d'Aquitaine. Les classiques français du Moyen Âge. Paris, 1927.
[27] Joseph Anglade, «Les trobadours provençaux en Biscaye», RFE, Madrid, 1928, 343-353.
[28] Martin de Riquer, Los trovadores. Historia literaria y textos. 3 Vols. Ariel, Barcelona, 1983.
[29] Canzioneiro portuguez da Vaticana. Edizâo critica... por Theophilo Braga. Inprensa nacional, Lisboa, 1878.
[30] Il canzoniere portoghese Colocci-Brancutti pubblicato... da Enrico Molteni, Max Niemeier, Halle a. S. 1880.
[31] Cancioneiro da Ajuda. Edizâo critica e commentada por Carolina Michaëlis de Vasconzelis. Max Niemeier, Halle a. S. 1904.
[32] Cancionero de Baena, ed. José M. Azázeta, 3 vols. X, Madrid, 1966.
[33] Cancionero de Lope de Stúñiga, ed. Marqués de la Fuensanta del Valle y J. Sancho Rayón. Colección de Libros Españoles Raros o Curiosos, 4. Madrid, 1872.
[34] Le chansonnier español d´Herberay des Essarts (XVe siècle). Édition précédée d'une étude historique par Charles V. Aubrun. Bordeaux, Féret et Fils, 1951.
[35] Cancionero de Palacio, ed. Francisca Vendrell de Milás. Barcelona, 1945.
[36] Cancionero de las obras de Juan del Encina. Salamanca, 1496. Reed. R. D. Jones & Karolyn R. Lee. Castalia, Madrid, 1975.
[37] Higinio Anglès, Historia de la Música Medieval en Navarra. Diputación Foral de Navarra. Pamplona, 1970.
[38] Chansons du XVe siècle publiées d´après le manuscrite de la Bibliothèque Nationale de Paris par..., et accompagnées de la musique transcrite en notation moderne par Auguste Gebaërt. Ed. De Gaston Paris, Paris, SATF, 1875.
[39] Ottaviano Petrucci (Fossombrone 1466 Venezia 1539) Venezian kokatu zen 1490. urte inguruan eta bertan argitara eman zuen Harmonices Musices Odhecaton (1501) hala nola eskola franko-flamenkoko hainbat musika bilduma. Hauetan, adibidez, 1505eko eta 1515eko kanta bildumetan ageri da Une Mousse de Buscaya (sic). Bera izan zen lehena molde mugikorrak erabiltzen musikan.
[40] Pierre Attaingnant (1494-1551), erregearen inprimatzailea, 1528an Chansons Nouvelles liburuaren plazaratzailea, hala nola herri eta musikarien kanta profano askorena.
[41] Josquin des Près (1440-1521), Picardia aldean jaioa, lehenik tenore bezala aritu zen 1459tik 1472ra Milanen, Galeazzo eta Sforza dukeen zerbitzuan hasi aitzin, eta geroago Inozentzio VIIIaren eta Alexandro VIarenean. Mezak ez ezik era orotariko kantak sortu zituen, Ottaviano Petruccik argitaratuak 1508an.
[42] Clément Janequin (Châtellerault 1485 ing. Paris, 1558) musikaria, François de Gondi, Lorraine-ko kardinalak eta François de Guise-ko jaunak babestua, hala nola Henri II.aren konpositorea. 1505az geroztik Bordelen ageri da Lancelot du Fau, Parlamentuko lehendakari eta 1515az gero Luçon-go apezpiku izango zenaren inguruan. 1523an Jean de Foix, Bordeleko artzapezpikuak babestu zuen eta 1515ean Saint Emilion-en Fronde-ko kalonje izanen da. Bere obra nagusia hiru, lau eta bost ahotsetara diren berrehun eta hirurogeita hamabost kantak osatzen dute, 1520an dagoeneko ospetsu, eta musika profanoan maisu, jenero guztiak landu zituen, lirikoa, narraziozkoa, erotikoa, teatrala... bere kantak eskuizkribuz eskuizkribu zabaltzen zirela Europan barrena, eta batik bat 1528an moldiztegiratu La Guerre obraren ondoren. Bere liburu ezagunenen artean dira: Chansons (1528) eta Verger de Musique (1559).
[43] Eustorg de Beaulieu (Beaulieu-sur-Ménoire, 1495-), musikari, antzerkigile eta poeta. Bernard Lehete euskal abokatuaren babesa izan zuen eta 1529an argitaratu zuen Bordelen Les gestes des solliciteurs, geroxeago Lyon-en 1537an Divers rapportz contenant polusieurs rondeaux, dixains et ballades eta 1546an Chrestienne resjouissance... eta beste
[44] Patri Urkizu, «Bernard Lehete, euskal mezenas bat Bordelen XVI. mendean», Lapurdum IV, Etudes Basques. Hommage au professeur Jean Haritschelhar, Baiona, 1999, 107-115.
[45] Lucien Febvre et Henri-Jean Martin, L'apparition du livre. Albin Michel, Paris, 1971.
[46] Gerardo Luzuriaga, Oñatiko Unibertsitatea, bertako liburutegiaren bidez: XVI. Mendea... Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia, 1998.
[47] Esteban de Garibai, Memorias de Garibai. Memorial Histórico Español. T. VII, J. Rodriguez, Madrid, 1854, 176.
[48] Luis Michelena, Historia de la Literatura Vasca. Minotauro, Madrid, 1960, 40.
[49] Jon Juaristi, «El Cantar de Beotibar ¿un romance noticiero vasco?», ASJU, 1986, 845-856.
[50] Michel de Montaigne, Entseiuak I. Eduardo Gil Beraren itzulpena. Klasikoak, Bilbo, 1992.
[51] Arnaud Oihenart, Les proverbes basques recueillis par le Dr d´Oihenart plus les poesies basques du mesme auteur. Paris, 1657, 74.
[52] G. Clement-Simon, «Le protestantisme et l'érudition dans le Pays Basque au commencement du XVIIe siècle. Jacques de Bela. Biographie. Extraits de ses Oeuvres Inédites», Bulletin de la Société des sciences, lettres et arts de Pau, Pau, Vve Léon Ribaut, 1895, 272.
[53] Athanase Belapeyre, Catechima laburra... Pabe, J. Dupoux, 1696, 96.
[54] Manuel Milá y Fontanals, Obras Completas. T. Sexto, Barcelona, 1895, 70.
[55] Fuero Viejo de Vizcaya. Astuy, Bilbo, 1909.
[56] Bartomeu Càrceres, Anonymes, XVIe siècle. Villancicos & Ensaladas. Montserrat Figueras. La Capella reial de Catalunya. Direction: Jordi Savall. Auvidis-Astrée, France, 1990.
[57] Anselmo de Legarda, Lo vizcaino en la literatura castellana. Biblioteca vascongada de los Amigos del País. Donostia, 1953, 161.
[58] Adolfo Arejita, «Ene veguiacaz vioçeen artean» amodio-kantuaren eskuizkribua», Litterae Vasconicae. Euskeraren Iker Atalak, 6, Labayru, Bilbo, 1993, 141-147.
[59] R.O. Jones & C.R. Lee (eds.), Juan del Encina. Poesía lírica y cancionero musical. Ed. Castalia, Madrid, 1975, 141, 319.
[60] Michel Zink, Le Moyen Âge et ses chansons où un Passé en trompe-l'oeil. Ed. De Fallois, Paris, 1996, 81.
[61] Thomas Percy, Relics of ancient English Poetry. Edimburgo, 1765.
[62] Ossian / Macpherson, Fragments de poésie ancienne. Traduccion de Diderot, Turgot, Suard..., édition préparée par François Heurtematte. José Corti, Paris 1990.
[63] Johann Gottfried Herder, Chansons de tous les peuples. 1778-1779,Trad. Edgard Quinnet, 1991. Paris, Presse Pocket.
[64] C. Sommervogel, «Colección de poesías nacionales bascongadas. Burgos, c. 1729», Bibliothèque de la Compagnie de Jésus. Bruxelles-Paris, IV, 1893, 1534-8.
[65] Joseph Augustin Chaho, Biarritz entre les Pyrénées et l´Océan: itinéraire pittoresque, Baiona, 1855, T. II, 159.
[66] Louis Dassance, «Chronique de la chanson basque. À propos de Beñat Mardo», Gure Herria, Baiona, 1967, 289-296.
[67] Patri Urkizu, Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1798). Durangoko Udala, 1987.
[68] Miguel Batllori, «El archivo lingüístico de Hervás en Roma y su reflejo en W.von Humboldt», Archivum Historicum Societatis Iesu, 1951, 20, 59-116.
-, La cultura hispano-italiana de los jesuitas expulsos: españoles, hispanoamericanos, filipinos, 1767-1814. Gredos, Madrid, 1966.
[69] Guillermo de Humboldt, Cuatro ensayos sobre España y América. Versiones y estudios por Miguel de Unamuno y Justo Garate. 2ª ed. Austral, Buenos Aires, 1951, 52.
[70] Guillermo de Humboldt, Correcciones y Adiciones al Mithridates de Adelung sobre la Lengua Cantábrica o Vasca. (Traducción del Dr. Justo Garate) con una introducción por Julio de Urquijo. Donostia, 1933, 76.
[71] Patri Urkizu, «W. Von Humboldt eta garaiko Euskal Literaturaz», RIEV, 41, 2; Donostia, 1996, 597-606.
[72] MS, Vol 49, 9/4222.
[73] Jorge de Riezu (ed.), «Papeles de Humboldt» , Cancionero vasco. Padre Donostia. Vol. III, 1125-1162. Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1994.
[74] Etienne Boucher de Crevecoeur, Souvenirs du Pays Basque et des Pyrénées en 1819 et 1820. Imprimerie Goetschy, Paris, 1823.
[75] Juan Ignacio Iztueta, Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia, beren soñu zar eta itz neurtu edo versoaquin. Donostia, Baroja, 1824.
[76] Théodore Hersart de La Villemarqué, Barzhaz Breizh. Chants populaires de la Bretagne, recueillis et publiés avec une traduction française, des éclaircissements, des notes et les mélodies originales. Paris, 1839.
[77] Gérard de Nerval, Oeuvres complètes. 3 Vols. Ed. de Jean Guillaumme et Claude Pichors. Paris, Gallimard. Pléiade, 1984-1993.
[78] Jean Sacaze, Chansons populaires de la vallée d´Ossau. Pau, 1843.
[79] Frédéric Rivarès, Chansons et airs populaires du Béarn. Pau, Vignancour, 1844.
[80] Claude Fauriel, Histoire de la poésie provençale. 2 Vols. Paris, 1847.
[81] Damase Arbaud, Chants populaires de la Provence. 2 Vols. Aix, Makaire, 1862.
[82] Francisque Michel, Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa littérature et sa musique. F. Didot, Paris, 1857.
[83] Charles August Friedrich Mahn, Denkmaeler der Baskischen Sprache. Mit einer Einleitung, welche von dem Studium der Baskischen Sprache handelt und zugleicht eine Beschreibung und Ccharakteristik der selben enthaelt, herausgegeben von..., Berlin, 1857.
[84] Patri Urkizu, «C.A.F. Mahn-en kanta eta Bertso Bilduma, Berlin 1857», Egan, Donostia, 1986, 13-84.
[85] Antoine d´Abbadie, Pensées, études, et voyages de 1835 (carnet inédit). Patri Urkizuren edizioa. Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1997, 145-146.
[86] Agosti Chaho, Azti-begia eta beste izkribu zenbait. Patri Urkizuren edizioa. Klasikoak 64, Donostia, 1992, 97-117.
[87] José Antonio Donostia, «Souvenirs des Pyrénées. Recuerdo de los Pirineos. 12 canciones escogidas y anotadas por Mme de la Villéhélio», Boletín de la Real Sociedad Vascongada del País, 1954, 309-337.
[88] Trilby, journal non politique, Baiona, 1844ko uztailak 28, 1. zenb.
[89] Chants Basques. Trilby, 5. zenb., Baiona, 1844ko abuztuak 11.
[90] Jean Martin Hiribarrenen Iruñeko bestak 1845. Patri Urkizuren edizioa, Lapurdum, VI, Baiona, 2001, 319-351.
[91] J.M. Donostia, Obras Completas, T. V, 1985, 260.