Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

HIZTEGIEN DESAGERPENA

 

Gizakiaren gaitza:

Pentsatzea.

Neurri egoki guztien gainetik

eztanda egin zuen

garunaren mende.

 

Garun hiper-garatua

piztia ahul baten gorputzean.

 

Bizitze hutsarekin aseezin

helburu gorenen joranean

alhatzen zaio kordea.

 

Ezin da konforma

errota baten musika biluziaz,

gero datorkionaz ments

teoriak ditu amets.

 

Nabigatze hutsarekin

nahigabetan zornatzen zaio

gau askotako loa.

 

Gogoangarri eta hurbileko

izan duen orori

eutsi nahiak

egin ditu jori

haren kexak eta mainak.

 

Utzi gauari gau izaten,

utzi goizari txoriak esnatzen,

oraina inoiz gaindituko ez duzun

piztia baino

ez zaren horrek.

 

Larrazkeneko basoen koloreak

egunsenti eta inularreen ohoreak

aski ez balitu bezala,

munduan egoteari ezarri dizkion

trauma amaiezinak

unibertsoari mintzeko beste

lirateke...

 

unibertsoak irakurtzen baleki.

 

 

 

© cc-by-sa Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus