Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

ARGITXINTA PORTUAN

 

Egunsentiaren ilinti gorian

artean ura itsasoarena ez denean

badago orduak inauguratzen dituen eremu bat,

pinu-orratzak oboe izateko ametsetan

firurikatzen dituen kristalezko haizean.

 

Ez da ezer entzuten

dena geure baitan datzalako,

ez da ezer ikusten

guregan ikusten ez dugunik existitzen ez delako.

 

Hala ere urdinaren apar ilunak

errezelak irekiko ditu

argiari amodioa eskainiz bezala

mendeetan harkaitzen bolumenak

gorpuztu dituen kresalaren erresuman.

 

Ez da ezer ikusten

dena geure baitan datzalako,

ez da ezer entzuten

guregan ez dagoen kanturik existitzen ez delako.

 

Urratuko dute zeru saretu bat

itsasontzien damorria kantatzen duten tutuek,

eta bakardadea zer den esango digute:

suak itzaltzea lortu ez zuen uhinen lantua,

gure baitako isiltasun erraldoia oboe-soinuz

eta amodioaren argirudiz betetzera datorrena.

 

 

 

© cc-by-sa Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus