Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

NI, ROSA UGARTEMENDIA SAROBE

 

23 urte eman ditut

Espainiako espetxeetan.

Ez dira urterik txarrenak izan,

ez onenak,

adin guztiak baitira on

dagokiguna besarkatzen ikasiz gero:

tirokatuta ez hiltzearen ordain

baino ez dira izan

23 urte ziegaren gerizan.

 

12 polizia garbitu nituen,

12 gizon armatu,

poesiarik gabe

—utikan «begietara begiratu nion»

eta halako epelkeriarik—,

tragediarik gabe

—jokoz kanpo utzi genituen

armak ongi erabiltzen

zekizkiten haiek—.

Soldatan zeramaten balizko kondena,

odola, ohorea eta dominak.

 

23 urte inorekin lo egin gabe,

gorputz biluzi baten usaina,

arnasa eta zirrarak

ia ahazteraino,

isilik masturbatzen ikasi nuen

lepoa sabairaino tenkatuz

orgasmoaren bila.

Ez dut negarrik egin,

kartzelarien aurrean

gordetako malkoak

idortuak baitziren gauerako.

Gure moduloan pilularik gabe

lo egiten zuen bakarrenetakoa

izan naiz 23 urtez.

Proiektu batean sinesten nuen,

eta ekimen politikoen

babes kolektiboak eman dit

inoiz galdu ez dudan bakea.

 

Hil ditudanak ez nituen gorroto,

baina damurik ere ez dut

egindakoaz gero;

legeak betetzea nahi izan dut beti,

hasteko gure herriaren bizitza

bermatu beharko luketenak,

eta bukatzeko

okupatzaileak gure lurretik

igorri beharko lituzketenak.

Gure aurka egindako legerik ez betetzea

da bizitzako lehen ekintza zilegia.

 

Neure buruarekin hitz egiten

ikasi nuen hiru urteko

isolamendu bakartian,

23 urtez kartzelarien esku,

dominazioa zuten hizkuntza bakar,

gordin eta zakar,

antzezten ibili beharrik gabe.

Kartzela, legerik ez dagoen

eremu ospela.

Kalera ateratzera nindoan gauean ere

ez zegoen damurik haien begietan,

ni gehiago ez suntsitu izanaren

pena baino.

 

Osorik nago, hala ere,

pertsona apurtzeko prestatuak dauden

aro guztien ondoren.

Luzea izan da,

—hiru urteko propina eta guzti—,

baina munduko hiru gaitz

nagusietatik sendatuta atera naiz:

orainaren bizi ezina,

etorkizunarekiko izua

eta gauzen benetako garrantzia

neurtzeko itsutasuna.

Gainontzeko arazoak ez dira,

buruaren asmazio

—akaso tragediaren imintzio—

hutsak baizik.

 

 

 

© cc-by-sa Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus