Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

GELTOKIKO TABERNAN

 

Goizean goiz anisa edaten duten lo-galduak,

izotz-landuzko bideetan brujula bila bailebiltzan;

inorengan erreparatzen ez duten prentsa irakurleak,

bakardadeari bizkarra ematen diotela pentsatuz;

egunonik gabe barrura hurbiltzen diren

bidaiariak, agurrik gabe alde egiteko;

inguruko obra publikoren batean

lanean ari ziren langileak,

pozik euri-jasa dela eta;

kristalezko laukitxodun ate urdinxka bat.

 

Eta euria andeneko harlauzetan tunpaka...

 

Hala ere

trenak iristen dira helmugara,

ezin da denborarik gelditu,

eta ezin dugu asmatu non erratu ginen.

 

Eta euria tunpaka andeneko harlauzetan...

 

Hala ere

ezin da trenik gelditu,

denbora beti iristen da helmugara,

eta ez dugu asmatu nahi

non erratu ginen.

 

Geltoki zikin hau leku atsegin

bihurtzerainoko izuikara

eragiten du bizitzak batzuetan,

hartzen ari naizen kafe hau ez nuke

inoiz amaitzerik nahi,

baina filmak aurrera darrai.

 

Eta euria andeneko harlauzetan saretuz...

erratutako trena hartu genuen egunean.

 

 

 

© cc-by-sa Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus