Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

TARIK CHAOUFIREN IRAGARRITAKO TRISTURA

 

Euskaltel txirrindulari taldeak

ohar bat kaleratu du

iaz fitxatu zuten

Tarik Chaoufiren

historia kontatuz.

Testua oso poetikoa da,

agerian utziz

kirol egitura baten

dekadentzia sakona.

 

Marokoarrak

taldea utzi du

—bere abentura uste baino

lehenago amaitu da—,

gure artean bizitzera

ez delako ohitu.

 

T.C.k arazo bat zeukan ilunabarrarekin.

 

«T.C.k ez du ongi eraman

hainbeste denbora

etxetik kanpo egotea,

Euskadin ez du ongi igaro

etxekoen berotasunik gabe».

 

«Egunak luze egin zaizkio,

triste, ez du gainditu

ilunabarretako bakardadea,

etxetik kanpoko

gauen goibeldura».

 

Argazkian garbi ageri da:

laranjaz jantzitako

kideen artean

txandal beltz bat,

arrastiriaren arnegua

begiradaren flash itzalian.

 

Tristura eramateko

poeta izan behar da.

T.C. orain ari da ulertzen

Harkaitz Canok, ordurako,

idatzia zuena:

 

Eguna gau bihurtzen denean gure pentsamenduak norenganantz doazen, horixe da benetan bizitza honetan norbait maite dugun jakiteko erarik fidagarriena.

 

Tristura apur bat aski

elitearen promesak

gutxiesteko;

tristura gutxi bat nahikoa

dominak gogaikarri

bihurtzeko.

 

Arazo bat du T.C.k,

tristurak ez diola diruari obeditzen.

Arazo bat du T.C.k,

gorputzak ez diola tristurari obeditzen.

 

T.C.k etxera itzuli nahi du

bizikletatik jaitsi orduko,

ibilbide osoan entzuten

etorri den

Ruper Ordorikaren kanta gogoan:

 

Nor da gogoan daukazuna,

lo aurreko zure instanteen jabe

nor da?

 

T.C.k etorri behar izan du

H.C.ri eta R.O.ri arrazoia ematera,

irabazteko zeuzkan karrerak

sakrifikatuz

poesiak kirola garaitu zueneko

egun loriatsuan

besoak behera

jaitsi dituenean.

 

 

 

© cc-by-sa Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus