Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

HITZEN HEGALDIA

 

Ibai baten aurrean zaudenean

hitzak ez dira ur-tantak baino,

euren azentuekin kantari datozenak

haltzen eta lizarren arteko

saihesbideak bilatzen.

 

Itsasoari begira zaudenean

hitzak uhararen pindar distiratsu

bilakatzen dira,

euren galdera ikurrekin

itotakoen arimak izendatzen.

 

Mendian zaudenean hitzak

hosto eginak daude

arboletan zintzilik,

eta pentagramarik gabe

kantatzen diote kukuari.

 

Neguan hitzak elur-maluta

bihurtzen dira,

eta papogorriaren odolaz

tindatzen dute

zuritasun handiaren erreinua.

 

Pertsona batekin zaudenean

hitzak haren begietan daude,

su hormatu bat

zauritu zuten umearen kalotan.

 

Heriotzaren aurrean aurkitzen zarenean

hitzak topaketa ospatzen duten

lagun zaharren arteko

diliña bihurtuko dira,

eta bizitza berri baten

lerarik gabe

desagertuko dira

arginabarrean.

 

 

 

© cc-by-sa Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus