Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

UDATZENA

 

Gaua, loak iratzartzen duen infinitua.

Euria sahatsei malkoak eskaintzen.

Trena, babesik gozoena.

Familia bat osatzeko asmo hura,

zehaztu ez zena.

Eta berriro trena,

neure baitatik urrun nabilenean

etxera naramana.

Haurtzaroko txakur haren begirada,

tiroa ematera nindoanean.

Amak erdaraz idatzi zidan gutuna,

samurtasuna ezin adieraziz.

Eguzkia pegar bete zilar isurtzen

goizean goiz itsasoan.

Nire eskerrona arrats bioleta bat

oparitu didan zeruari.

Ametsetan ezagutzen dudan mundua

gorputza mundugabetzen ari zaidan bitartean.

Bederatzi urte neuzkala sabelean uhinak

eragin zizkidan neska haren begirada.

Idatzi nuen liburua, lehena,

dendako beiratean irakurleen atzaparretan uzteko.

Etsaitu nauten lagunak,

tradizioa desakralizatu nahi izan dudalako.

Motoan egindako bidaiak, ilargipean,

katagorrien ibilbide sekretuetan barrena.

Nire heriotza noiz izango den

eta nolakoa erakutsi zidan sorgina.

Eta berriro trena,

Gaztela zuritu zuen elurtean

barrena Siberia erakutsi zidana.

Irakurri nituen esaldi jakintsuak,

irakurtzerako banekizkiela konturatu arte

jakintsu egin ez nindutenak.

Itsasoaren hondorik sakonenean dagoen iluntasuna

baino beltzagoak izan ziren tristuraldiak.

Eguna belztera datorren ilunabarra, ondoan

eduki nahi zenukeen pertsonaren izena argituz.

Izandako arrakastak, eta porrotak,

etxe aurreko arbolaren kimuetan horituta.

«Zer izan naiz?» galdetu eta

«norentzat izan zara?» erantzuten didan

antzigarraren oihartzuna.

Paisaia honetan hostogabetzen da nire bizitza.

 

 

 

© cc-by-sa Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus