Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

BUENOS AIRESKO EURIA

 

Buenos Airesko euriak

abenida zabaletako arbolak inarrosten ditu,

eta horrekin batera

nire haurtzaroa ere astindu egiten du

Buenos Airesko euriak.

 

Ni umemoko bat izan naizelako

Cafferata kalean,

ontzi batetik jaitsi nintzen

portu ezezagun hits hartan,

eta amaren magaletik

mundu epelago baten besoetara

nindoala esan zidan

Buenos Airesko euriak.

 

Kale hauetan zabuka ibilia naiz

izkinetako lurrunetan desagertzen ziren

amodioen atzetik,

Puerto Maderoko moiletan

izerdia isuri dut,

trenetan ihesi joan naiz

jeloskor batzuen labanetatik,

baina gaurik txarrenaren muinean

ere beti lasaitu izan nau

Buenos Airesko euriak.

 

Hemen hil nintzen,

kafetegi dotoreetako argien

distiratik urrun,

ez zen tangorik izan nire omenez,

ezta toparik ere nire arimaren alde.

Baina ez nintzen gustura hil,

eta itzuli beharra neukan:

zorion izpi baten zorra zeukan nirekin

Buenos Airesko euriak.

 

Eta gaur, kafetegi honen epelean

tangoak entzunez,

bizitza ziztrin hartan

laztan-egarriz akitu zen

gizagaixo haren omenez

xanpain kopa altxatuz,

bihotz-muineraino iritsi zaidan

zirrara batekin ordaindu dit zorra

Buenos Airesko euriak.

 

 

 

© cc-by-sa Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus