Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

31

 

Taxia zain neukan Ajuriagerra kalean. Eta General Conchako lilitegian zeuden Flavia, Saioa eta Bitor, ni noiz iritsiko esperoan.

      Bitorrek ez zuen zirkinik ere egin Zack Vicentegaz ordubetetik gora parez pare egon nintzela jakinarazi nionean. Flaviari begiratu zion. Madamak jakituriaren irriņoa trufari.

      Flavia: Vicentek ezagutzeko eran mozorrotuko zaitut. Erregeak olgeta zaleak dira beti.

      Saioa: Arriskutsuegia da. Eta desira beharrean arbuioa eragiten badiogu? Hari finegia da ez erortzeko.

      Flavia: Aztoratzen bada neuk ekarriko dut bere onera, lasai. Orain goazen, ezin erakargarriago magnoliatuko zaitut.

      Gu itxarongelan utzita eroan zuen Flaviak Saioa.

      Bakarrik geratu ginen Bitor eta biok.

      Arantza: Hau zorakeria bat da! Saioak Fidel Imaz hil duela esan dit. Eta Zack Vicente ere hiltzeko asmoa du...

      Bitor: Ez naizela kokolo bakarra, ederki erabili gaituela gure filosofogaiak. Eskerrak arean ezagutzen dudan.

      Arantza: Nik ezingo dut Vicente limurtu. Aktore oso txarra naiz, atoan igarriko dit.

      Bitor: Gerra argazkilaria zara. Moldatuko zara.

      Flaviari dei egin eta Bitorrek eskatu zion lilizain nahikoa indartsurik ba ote zeukan Saioa logela barruan biharamunera arte gatibutan giltzapetzeko.

      Eta handik aurrera dena gertatu zen tximista baten dirdaia baino bizkorrago. Inork ez luke esaten asmatuko benetan zer antzeztu genuen.

      La Casa del Bandidoren ataurrean jaso genuen Zack Vicente, 24:00ak jotzear zirela.

      Zack: Baina... zer da hau? Zer egiten duzu zuk hemen? Zer gertatzen ari da?

      Saioak arrazoi: Vicente, neu nintzela jabetzean, sumenditu egin zen. Bitorren alboko eserlekutik Flaviak amultsuki iradoki behar izan zion suite inperiala zain genuela, ez narrasteko taxi ziztrin bateko atzealdean, beratzeko, hamar minutu baizen ez zirela.

      Flavia: Lasai, laztana. Jolasa baino ez da. Goza ezazu!

      Atzeko jesarlekuetara etorri zen Flavia, Vicente eta bion aldamenean kukuturik. Bitorri hotelera abiatzeko agindu zion. Belarrira xuxurlaka baretu zuen doktore artegatua.

      Planari jarraiki, Bitorrek, bidaiariok Carlton hotelaren atarian utzita, aparkalekura egin zuen.

      Flavia ezaguna bide zuen mandatumutilak, madama agurtu baitzuen. Gero, begiak kliskatu eta desagertu egin zen.

      Vicentek, besotik oratzeko gonbitea egin zidan, mandatumutilari suite inperialerainoko bideaz galdegiten zion bitartean.

      Hoteleko zuzendariak, harremanetarako idazkariagaz batera, gau gozoa opa zigun, suitean sorpresa bat zain genuela iragartzeaz batera.

      Mandatumutilak alde egin zuen unean bertan iritsi zen Bitor suitera, Vicentek ustez taxian utzitako karpeta besapean.

      Bitor: Hau ahaztu duzu, jauna.

      Zack: Nik ez diat ezer ahaztu! Eraman ezak!

      Kolpe bakar batez bota zuen doktorea lurrera.

      Han zetzan Zack Vicente, suite inperialeko alfonbra pertsiarraren gainean, narrutsik, eskuak eta hankak lotuta, ahotik kokotera zapia, hain babesgabe, hain ezdeus, hain irrigarri nire kameraren begipuntuan.

      Betazalak erantzi nituen lehenik, ileordea ondoren.

      Bitorrek diruz betetako pakete bat eman zidan.

      Bitor: Hortxe daukazu dagokizun bigarren partea.

      Arantza: Ez dut lana amaitu, galdeketaren argazkiak falta dira.

      Bitor: Zoaz, sendatu begiak eta kontatu egiezu egia.

      Arantza: Oraindik ez. Erantzuna aterako diozun unea gorde behar dut. Zer egingo dut amaierarekin, amestu?

      Bitor: Norbaitek akorduan hartzeko modukoa izan dadila. Zerbait asmatuko duzu.

      Arantza: Esadazu gutxienez zein den egingo diozun galdera bakar hori.

      Bitor: Gorde gaitzatela gomutan. Ikusi arte.

      Buruko ileetatik arrastaka eroan zuen Zack Vicente suite inperialeko gela nagusiaren erdiraino, diamante itxurazkoekin apaindutako lanpara erraldoiaren azpira.

      Olatu bare baten antzera zabaldu zen odola Isfahango zetazko alfonbran alderik alde ebaki zion lepotik.

      Eta azkenean, Carlton hoteleko balkoi historikotik behera egin zuen salto, Jose Antonio Agirreren eta Telesforo Monzonen artetik, hain zuzen.