Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

24

 

Hiru bider entzun nuen etxeko txirrina.

      Arantza: Arazoak ate joka?

      Saioa: Jakin al dun?, madama bategaz dinagu hitzordua. Limurtze eskolak emango ei zizkigun.

      Arantza: Asmatu din hire osaba horrek zelan sartuko naizen suite inperialean. Beso banatan erakutsiko ditin Vicente jaunak garaikurrak.

      Saioa: Bazkalosteko hitzorduan kontatuko din.

      Arantza: Eta hi zer hator, albistegiaren iragarki? Satorlanetan abila haiz, gero.

      Saioa: Gurasoak inguruan zebiltzanan kontatu didanean. Ez dinagu patxadaz jarduterik izan. Nolanahi ere, beste zerbaiten bila etorri naun.

      Arantza: Hemen lugorria besterik ez zagon.

      Saioa: Egunotan goibel sumatu haut. Lagundu egin gura dinat. Bahiketakideak gaitun, lagun izan behar dinagu.

      Arantza: Berandu ez ote den...

      Saioa: Zer dun? Glaukomak kezkatzen hau? Ebakuntza egin eta betiko ikusi!

      Arantza: Hondoratzen ari naun...

      Saioa: Bi esku ditinat. Bategaz, osabari egia beretzat bahitzen lagunduko zionat. Besteagaz, porturako soka botatzen ahal dinat.

      Arantza: Moldatuko naun.

      Saioa: Ez dinat uste. Utzi egidan...

      Arantza: Ez dinat umemoko baten laguntzaren premiarik. Moldatuko naizela esan dinat.

      Saioa: Goazeman ohera. Kenduko dinat gorputza. Zama astunegia dun bakarrean eroateko.

      Arantza: Zergatik haiz horren desordukoa?

      Saioa bera ere harritu egin zen mihiarekin alua ferekatzen hasi zitzaidanean eragin zidan inarrosaldiagaz. Izarloka bat, lorgaitza izan ohi dugun gorputzaren ustekabeko abandonu horietakoa. Orgasmoaren osteko intziriak logurarekin bat egin arte luzatu zitzaizkidan. Nigandik ihes eginda sentitu nintzen, orbel. Badira eskierrak bezain zurrunak direnak, zoritxarrak barrua txikitu arren, kanpotik arrastorik ere erakusten ez dutenak. Negartiak baino abegikorrak dira, eta uste dute lagun hurkoak ere berdin jokatuko duela. Kamusadak erabat desegiten ditu. Garaituen patua da: zoritxarrak ez du atsedenik hartzen.

      Arantza: Imazekin beste gozatu dun?