Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

28

 

Bahiketarekiko ardurak brausta erantzi nituen Rekalde aretora iristear nintzela. Galeriako zuzendaria eta komunikazio arduraduna atarian nituen zain, e-postaz bidalitako argibideekin nahikoa zela erantzun zidatelarik, ene oniritzia baizik ez zen falta: azalpen eskuorriak inprimaturik, potretak agindutako erreskadan, mikrokamerak frogatuta, gonbidapenak luzatu eta baiezkoak laburturik.

      Masailetan laugarren musua eman ostean, komunikazio arduradunaren sorbaldari oratu behar izan nion ilunaldiaren ondoriozko zorabioaren eraginez lurrera ziplo ez erortzeko.

      Tentsioa akumulatzen ari zitzaidan tai gabe. Ura, txokolatea eta fruitu lehorrak eman zizkidaten, larregizko lan zamak eragindako makalaldia zelakoan.

      Bizkortuarena egin nuen, hain sinesgarri ezen komunikazio arduraduna gonbidatuen zerrenda irakurtzen hasi baitzitzaidan, sorpresa eta guzti. Azken unean, Iberdrolako Ignacio Galan, Emilio Aberasturi eta AEBetako bi gonbidatu berezi izango genituen.

      Zuzendariak albotik eskerrak eman zizkidan erakusketa aurreratzeko erakutsi nuen prestutasunarengatik. Kontuan hartuko zuten etorkizuneko balizko elkarlanetarako.

      Erakusketa nik e-postaz eskatu legez paratu zuten. Eskuorriaren diseinuak mina eta ukendua iradokitzen zituen, mikrokamerak antzemangaitz zeuden. Nardira itzultzeko moduan nengoen, baina aurrez etxera osteratxoa egin behar nuen Zelalekiko berrigosea asetzeko.

      Zintarri ertzean taxi baten zain nengoela, Citroen C2 bateko leihatila zabaldu berritik gonbitea jaso nuen. Zuri baino zurbilago egin zidan Saioak barrurako keinua. Azeleragailua sakoneraino sakatuta abiatu ginen nire etxerantz.

      Ez genion elkarri berba bakarra esan oinetakoak lanpasean garbitu zituen arte.

      Saioa: Fidel Imaz hil berri dinat.

      Egongelako besaulkian eserarazi ninduen, bere eskuak oskol, nireak gorputz, dortokatuta, arnasa sakon hartuta aitortu zidan.

      Saioa: Oroitzapen oro desagerrarazi gura ziguten, populazioa produkziora eta iraganik gabeko orainera bideratu. Etorkizuna ezinbestekoa izan dadin, iraganik gabea izan behar duela irentsarazten ari zaizkigun. Aurrerabide hau guzti hau duintasunaren kalterako dun. Historia bera zentzua galtzen ari dun. Ezin dinagu ohitu jakinaren azpian bizitzen. Akabatu egin behar ditinagu, lagundu egin behar didan.

      Emakumeek buruturiko krimen pasionalak edozein gizartetako zapalduen askatasunerako nahiaren laburpena dira, milaka pertsonaren ezkutuko itxaropenaren oihua. Guatemalako emakumeen erailketak ikertzen zituen soziologo bati ikasi nion Ciudad Juarezen.

      Memoria bozgorailu eske ari zitzaidan, baina une hartan hitza ukatu nion.

      Arantza: Alde egin ezan hemendik. Mesedez, utz nazan bakean. Bitorrek eskainitako dirua glaukoma sendatzeko edo Zelalen askatasuna erosteko erabili, bietako bat erabaki behar dinat orain. Eta horretarako, Zack Vicente bahitu ez eze Huntingtonaren sendabidea zein den erauztea lortu behar dinagu, baldin eta diruaren bigarren partea jasoko badut. Vicente hiltzen badugu, dena zapuztuko dun. Pikutara dena! Ezingo dinat erailtzen utzi.

      Saioa: Bai, erabili egin haut. Maite haudala sinetsarazi dinat. Barkatu, baina berdin jokatuko nikenan osabak bahiketarako kontratatutako beste edozeinekin. Ez eman ez duen garrantzirik. Hausnartu ezan, gure etorkizun aurrez programatua aldarazteko aukera bakarra dinagu, gure esku zagon geure ondorengoen biziraupena.

      Fidel Imaz zelan hil zuen itauntzeko ez nuen denborarik galdu. Ez nion sinetsi. Dena tranpa handi bat bilakatzen ari zela pentsatu nuen. Iruzur bat, saldukeriaz mozorrotua.

      Bekokian muin eman nion eta etxetik bidali nuen traidorea.

      Ordenagailua isiotu nuen, Zelali buruzko berri bila. Haren kide baten mezua nuen postontzian. Zelalentzat betiko kartzelaldia eskatu berri zuen Ankarako Gobernuak, estatuaren aurkako krimenak egotzita.