Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

12

 

Aberatsen taxi gidaria zen Fidel Imaz. Deustuko Unibertsitatean Ekonomian lizentziaturik, lan makurretan luzaroan aritu ostean, Munichen hiru urtez aritu zen lanean, beste bi migratzailerekin alokatutako pisuan, sorterriratzeko ezer aurreztu ezinik. Gabonetako opor egunak igarotzera etxeratzeko egun batean, aire-kontrolatzaileen protestaren ondorioz hegaldia ordutan atzeraturik, ikaskide ohi batekin egin zuen topo komunerako bidean.

      Emilio: Fidel Imaz jauna!

      Fidel: Aberasturi, aspaldiko.

      Emilio: Zer habil Munichen?

      Fidel: Azken hiru urteetan esklabo. Dena utzi nian lana lortzearren baina...

      Emilio: Karrera ohorezko matrikulekin erdietsi zuen klaseko listoena esklabo?

      Fidel: Hamar orduko lan jardunean, papurrak kobratzen.

      Emilio: Sentitzen diat, motel.

      Fidel: Eskerrik asko, sufritzen dugunokiko hi beti elkartasunez enpo.

      Emilio: Legez derrigorrik ez dugun arren, ekintza sozialerako partida bat ere badiagu, nazioarteko kooperazio programetarako-eta.

      Fidel: Munduko haurrek goserik izan ez dezaten.

      Emilio: Horixe Iberdrolakook oheburua.

      Fidel: Eta zertan ari haiz Iberdrolan, zehazki? Unibertsitatean irakasle ari hintzela entzuna nian.

      Emilio: Inbertsioen Aholku Batzordeko kidea nauk, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Ekonomiako irakasle izateaz gain.

      Fidel: Alderdikoa, noski.

      Emilio: Nire zerbitzuak eskatzen dituenari laguntzen zioat, kristau onen antzera. Gurasoek ez zitean nire heziketan dirutza alferrik xahutu, hi! Goazemak tabernara, ardo on bat hartuko diagu, gazte denborako kontuez berba egin zezakeagu, poliziek aire-kontroladore madarikatuon protesta konpontzen duten bitartean.

      Fidel Imazek ondo gogoan zuen irudia. Emilio Aberasturik karrerako lehen urteko ikaskideen afarian erabat horditurik aitortu zion: “Gure aitak karrera erosi zidak, eskoletara joan besterik ez diat egin beharko. Habil hi neure gerizpean eta ez duk ezerekin kezkatu beharko. Aberasturi tangadekin mozkortzen zela etorri zitzaion Imazi. Hirugarren ardoak promesak gogoratzeko tenorea zekarkiokeela.

      Fidel: Topa egin dezagun hire patu onaren eta nire zoritxarraren alde!

      Emilio: Osasuna!

      Fidel: Iberdrolakoa ere aitak erosi zian?

      Emilio: Ez hadi baldarra izan. Aitak laguntza txiki bat, bultzadatxoa eman zidaan. Neuk ere egin nian neure ekarpentxoa. Damutu behar ote nauk aitaren semea naizelako? Bizitzak emandako aukerari probetxua atera, ez diat besterik egiten. Eta hala den neurrian, hurkoa lagundu.

      Fidel: Horixe agindu hidan klasekoen afari hartan.

      Emilio: Edan dezagun beste bat, memoria oskarbitu dagidan. Lana emateko promesa egin banian, aurkituko diagu hire neurrikoa. Oraingoz ezin haut ekonomialari gisa proposatu, itxaron zerrenda zagok, aitapontekodun mesedeskeko asko. Zer egiteko prest hago?

      Fidel Imazek sekulako lasaitua igarri zuen supituan. Municheko aireportuko OPIentzako tabernako besaulkian eman zien atseden bi urtetako zaputzaldiei. Salbu sentitu zen, Emilio Aberasturiri esker.

      Bitor: “Haizeak eraman zituen ordura arteko hodei beltzak”, halaxe aitortu zidan Felix Imazek. Eta halaxe bihurtu zen aberatsen taxista.

      Idatzitakoa irakurri zigun Bitorrek, imintziorik gabe, plano, hotz, moldakaitz. Milaka hildako eragindako gerrako parteak irakurtzen zituzten nazioarteko erakundeetako funtzionarioak etorri zitzaizkidan. Kazetari zein argazkilariak hotelen batean elkartzen gintuzten, isiltzeko erregutzen ziguten eta bost minututan aletzen zituzten bidegabekeria ankerrenak. Izukaitz. Bitorri begira-begira otu zitzaidan, erakusketa berrian sartuko nituela berbak esanahi barik irakurtzen ikasi zuten funtzionario haien argazkietako zenbait.

      Iberdrolako buruen zein nazioarteko gonbidatuen gidaria da Fidel Imaz egun. Taxista duen osaba Jabierrek aitortu zidan mahai honetan bertan. Laguntza eske etorri zitzaidan, Fidelek etxeratu barik zeroan hirugarren egun batean. Etxean ez duela lanari buruzkorik aipatzen, baina beti deitu edo whatsappa bidaltzen diela etxera itzuliko denetz jakinarazteko.

      Lankide batek bere autoa ikusi bide du Concha Jeneralaren kaleko garaje batean.

      Bitor: Bilboko putetxe luxuzkoenen bebarruetan. Mokofina.

      Arantza: Kokaina.

      Bitor: Bi goseilun horiek ditugu amu bakar eta Vicente bahitzea lortzeko pasabidea. Imaz edozer egiteko prest ei dago hauts eta azal zuri guriak eskuratzearren.

      Arantza: Eta zelan batuko duzu gure artaldera?

      Bitor: Edo gugaz bat egin edo Iberdrolako argia amatatuko diogula iradokiko diot. Hiruzpalau argazki egin eta mezua mugikorrera.

      Arantza: Ederto, jaitsiko dut ganbaratik luxuzko prostitutaren mozorroa, atea jo, kamera eta guzti sartu, irri egiteko eskatu... eta fini. Karrera laburrekoa behar du Fidel horrek.

      Bitor: Autoa garajetik irteten harrapatzen baduzu nahikoa izango da. Larria sortuko dion mezua bidaliko diogu mugikorrera. Putetxeko txartelean dakar helbidea. Iberdrolakoek bezala emazteak, erraz lotuko dituzte hariak.

      Arantza: Ez zuk bezain estu.

      Bitor: Taxista batek ordu asko ematen ditu bakardadean, hausnarrean. Pentsamendua fokalizatzen ikasi dut, besterik ez.

      Saioa: Eta nik zer egingo dut bitartean, osaba?

      Bitor: Bilboko hotel garestienen zerrenda behar dinagu, eraikinen ezaugarri zehatz guztiak barne: helbidea, zenbat solairu, nora ematen duten, beste eraikin batzuetatik gelak ikus daitezkeen, sarreran zenbat lagunek lan egiten duten, zein enpresa arduratzen den garbiketaz, zein segurtasunaz, zein telefono konpainiarekin duten interneta eta abar. Zack Vicente bere hoteleko gelan bertan bahituko dinagu. Etxera mozkor-mozkor itzultzen haizenean legez, Saioa, ilunetan zarata barik pijama eta guzti oheratzea lortu behar dun. Gai izango haiz?

      Arantza: Prentsaurrekoan entzun nionarengatik, Zack Vicentek ahots indartsua du edonoren arreta bereganatzeko, eta luxuzko hoteletan benetakoa da hormek ere entzun egiten dutela dioen esaera. Harrabots bakarra nahikoa izango du hoteleko zerbitzariak ohartarazteko.

      Bitor: Gatozen urratsez urrats. Zehaztuko dizut Vicente zelan mututu, hurrengo bileretan. Orain Fidel Imaz arrantzatu behar dugu.