Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

19

 

Bitor Larralde eta Fidel Imazen hitzordua baino ordubete lehenago iritsi ginen Deustura. Hizkuntza Eskolaren atzeko kalean autoa aparkatuta, zintarri beretik hurrengo karrikaraino, eskuinetara gora, ezkerretara abiapunturantz, San Pedro plazako taxi-geltokiari argazkiak ateratzeko kantoira arte.

      Hamaika pauso atzeragoko kafetegian, osabari ostendutako planaren berri eman zidan Saioak. Lehen hitzorduan gertaturikoagatik mesfidati, Imaz ordua baino lehenago iritsiko zen, taxista lagunagaz berba egin, ezer susmagarririk antzeman zuen galdetu, ezetzarekin lasaitu eta xantaiagilearekin zelan jokatu errepasatzeko. Orduan agertuko zitzaion Saioa, soineko gorria azalera atxikia gabardinapean, taxian etxera eroateko erreguka. Imazek beste taxista bati galdegiteko esango zion, zerbitzuz kanpo zegoela bera, ezetz erantzungo zion Saioak, gabardina zabalik haginkada iradokiz. Unibertsitateko lagun baten etxera gidatuko zuen Saioak Imaz, dirua etxean zuela argudiatuta igotzera gonbidatuko zuen. Imazek itxaroteko erregutuko zion, saihestu ezinezko hitzorduaren amaieran itzuliko zela, ordainduko ziola sosik gabe ere.

      Nik astia izango nuen Bitorren eta Imazen arteko enkontrutik Saioaren lagunaren etxera joan eta ezkututik argazkiak ateratzeko.

      Saioa: Dibortziatzeko auzian hire argazkiak hil edo bizikoak izango ditun, epaileak Imazen emaztearen alde egin dezan.

      Arantza: Enamoratu egin haiz Imazegaz, gero!

      Saioa: Lagunduko didan, ezta?

      Arantza: Bitorrek dirutza eskaini zidaan. Hik?

      Fidel Imaz barik, Bitor Larralde iritsi zen orduantxe San Pedro plazara. Taxia ilararen azkenean aparkatu, autotik alde guztietara begira jaitsi eta ofiziokideak agurtu zituen banan-banan, Imazen konfidentea identifikatu guran. Gaztea zirudien euritarako jaka beltzeko burusoil bategaz luzaroan ekin zion. Ezetz imintzioka, burua eta bi eskuak konpasean batzuetan, kontrara bestetan, bi pauso atzera, bakarra aurrera, besoak gerrira, berriz ezezka. Taxian sartu aurretik, atzamar luzea errebolber mehatxari bilakaturik agurtu zuen Bitorrek gaztea. Betetzekoa zirudien abisuak.

      Imazek hamar minutura gelditu zuen taxia Bitorrek utzitako lekuan. Jaka beltzeko burusoila gidariaren leiho parera iritsi orduko, Bitor atzeko kaleko Bordatxo tabernatik karraderan sartu zen Imazen taxian. Abiadura berean alde egin zuen burusoilak.

      Desadostasunezkoak ziruditen keinuka ari ziren Imaz eta Larralde. Gutxira, San Pedro plazako geltokitik Lehendakari Agirre hartu eta Iberdrolako dorrerantz egin zutenean, galdu egin nituen.

      Banoatzu, mezua bidali nion Saioari.

      Ordu eta erdi eskas iragan ziren Fidel Imazek Bitor Larralde taxian hartu zuenetik Saioaren tranpalekura etorri zenera arte. Egongelara ematen zuen despentsan kokatu ninduen Saioak, tauki batean, sei metro eskasera, atearen herena zabalik. Musikagailua isiotu zuen, Imazek nire kameraren klikak entzun ez zitzan. Ispilukoari oniritzia emanda hartu zuen sakon arnasa.

      Atetik sartu orduko gerritik oratu zuen Imazek, mingaina eskaini zion Saioak. Kamerak osorik hartuko zuen planora erakarri zuen gizona. Soineko gorria gerrira altxatu, kuleroak erantzi eta besaulkian lau hankatan belaunikatu zen. Imazek luzaroan jo zion larrua, burua otsoki goratuz, garaile, alarau, irri eta orro, gozamenak kokainari gaina hartu zion arte. Saioaren indiferentziazko bisaia plazerezko bilakatu zen, mina zirudiena atsegin.

      Arantza: Disfrutatu egin dun.

      Saioa: Hik ere bai?

      Arantza: Okaztagarria izan dun. Tximino bisaizuria, bonoboa, makako japoniarra ematen huen.

      Saioa: Burua deslaitzea besterik ez dun, beste zerbaitetan pentsatzea.

      Arantza: Descartes etorri zain bisitan orduan.

      Saioa: Zizek, hara bestea! Erakutsiko dizkidan argazkiak?

      Lantzerrari bustitzen utzi nion etxera oinez itzultzen nintzelarik.

      Mugikorrean Bitorren dei zaparrada, mezu bakarrerako: biharamunean goizeko 9:00etan zain izango nuen etxepean.

      Beste ezer baino lehen, ordenagailura deskargatu nituen argazkiak. Luzaz behatu nituen, Saioaren keinu bakoitzari baratz, gaitzustean. Ondoren neure buruari atera nizkion, biluzik, logelako gorputz osoko ispiluaren aurrean. Emeske nituen begiak, atzamar luzea klitoria zurrunbiloka zorabiarazteko prest. Euria ari zuen kanpoan. Loak irribarretsu eta kulero barik hartu ninduen. Ametsa gero etorri zen. Eta ez gau bakarrerako maizter, luzarorako gerizpe baino:

      Gandua dago, bisuts trinkoa, lainobera iluna. Ortozik nago, behatzetako azazkalak ubel. Asfaltoan oinez, errepide bateko lerro zuri etenik gabekoari segika. Ezin ditut nire oinetako azazkal ubelduak lerro zuriaren gainean besterik ikusi, harik eta fusil bategaz estropezu egin dudan arte. Burua altxatzen dut, atze, ezker, eskuin, aurrera begiratzen dut. Argi urdina distantzia neurtezinera. Banoakio. Ile beltzeko emakume batek eusten dio argiari, hurreratzen natzaion heinean zahartzen dihardu, ilea laburtzen zaio, bibotea ageri du sudurpean basotsu, argia eskaintzen dit... eta oratzera noanean, lurraren kontra txikitzen du, irri zuri faltsua dagien bitartean.

      Urteetan asaldatzen nauen ametsetako bat da, artega esnarazten nauenetakoa. Amets okerren bat dudanero galdera ikurrak zamatzen zaizkit egun osorako begizuloetan dingilizka. Eta beti datoz desorduetan.