Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

14

 

Kaliforniara artzain joandako Bitorren anaia zaharrenak bere buruaz beste egin zuela jakinarazteko deitu zuten larraldetarrenera.

      Bitor: Familiako ordezkari gisa joan behar izan nuen hiletetara. Atzeratuko zutela ohikoa zen biharamuneko elizkizuna pare bat egunez, sasoiz irits nendin. Etxean entzuna nuen, artzain joandako euskaldun bat baino gehiago ordeketako bakardadean erotzen zela, hilabeteak ardiekin ez beste inorekin harremanik ez izatearen ondorioz zentzuna galtzen zutela zenbaitek.

      Hipotesi hori buruan abiatu zen Bitor Kaliforniara. Urteak ziren anaia ikusten ez zuela, telefono bidez Urteberri egunez zoriontzen zuten elkar, laurogeita hamalau bazituen hil aurretik. Lehen aldia zen Euskal Herritik lekora bidaiatuko zuela.

      Bitor: Gure aita zena Garaziko bulegora lerrarazi izan balute, artzain nenbilke Ameriketan, milaka ardiren gidari.

      Arantza: Ez da izango edonorentzako bizimodua...

      Bitor: Los Angelesko aireportuan maletaren zain nengoela, itxaron guneko telebistan etengabe errepikatzen ziren irudiak lotu zidaten arreta. Gizon-emakumeak ageri ziren, kartoizko kutxak eskuetan. Batzuk kopetilun, buruagaz ezezka, belauniko. Bestetzuk hortzak estuturik, begiak lekuetatik kanporatu beharrean. Aurkezlearen paparra zeharkatzen zuen titularra behin eta berriro: Lehman Brothers collapse, Lehman Brothers collapse, Lehman Brothers collapse.

      Krisia, ongizate ekonomikoaren heriotza, egonkortasunaren desoreka, bizi kalitatearen defuntzioa. Eta enparauak. Porrot egin baino bi egun lehenago erabat fidagarria ei zen AEBetako hirugarren banku boteretsuena zen Lehman Brothers. Wall Street dardarka, milioika estatubatuarren aurrezkiak lurrunduta, inoizko krisi ekonomiko iraunkorrena ate joka. Iloba batek irainduta ziotsonez, Bushen gobernuak hogeita lau ordutan bideratu zizkion milaka milioi Lehman Brothersi diru erreserba federal publikotik. Gobernuaren berehalako laguntza iragarri zuen ministroa John Paulson zen, Lehman Brotherseko zuzendari ohia.

      Anaiaren gaubeilan berbagai bakar nagusitu zen munduko ekonomiaren gainbehera, harik eta hildako anaia zaharrenaren seme nagusi Tomek abisua jaso zuen arte: dei ziezaion aurrezki kutxako zuzendariari arin batean, aitaren urteetako lanetik pilatutako diruak arriskuan zituztela. Gaubeila etenda, etxaldea hustuta, anaiaren alargun Carol eta biak etxeko atarian eseri ziren. Koinatak aitorturik jakin zuen Bitorrek, Huntington gaitzak erasanda hil zuela bere burua anaia amerikanoak.

      Bitor: Sudurretatik puzka hasi nintzen. Huntin-zer? Zenbat denbora zeroan gaixo? Noiztik zenekiten? Zergatik ez zeniguten lehenago deitu?

      Carol: Tori, zoaz logelara eta irakurri lasai. Magazine hauetan daukazu gaitzari buruz dakigun oinarrizkoa. Beharrik ez zion gaitzak basamortuan ardien artean erasan, beharrik ondoan gintuen!

      Huntington 35-50 urte bitartean azaleratzen den endekapenezko gaitza da. Horren mingarria dira eragiten dituen degenerazio neuronal zein fisikoaren ondorioak, ezen gaixo gehienek burua galdu edo suizidatu egiten baitira gaixotasunaren azken fasean.

      Bitor: Oinazearen jasanezinak bultzatuko zuen anaia ehizarako iskilua ahoan desarratzera. Artikuluaren azken zatian irakurritakoak izutu egin ninduen. Gaitz arraro bezain hilgarri hura sendi berekoen artean transmititzen da. Anaia ote zen gaitza garatu zuen lehena?

      Aurrez hiletarako baino ez zen bidaia luzatzea erabaki zuen Bitorrek, sorlekuan egundo entzunbako gaitz hari buruzkoak AEBetan argitzen ahalegintzeko. Iloba gazteenak esanda jakin zuen Harvard Unibertsitatean bazela gaitza urteetan aztertzen zeroatzan ikerketa-taldea. Interneteko estekak, youtubeko bideoak, mundu mailako medikuntza aldizkariak, fotokopiak, zer ez zion eman.

      Tom: Guretzat beranduegi izan da.

      Egunak eman zituen Bitorrek informazio meategi haietan indusketan. Pipita baten urrezko distira bakarra ikusi zuen. Ilobak lehenago legez.

      Tom: Harvarden ez zaituzte hartuko. Gu ere saiatu ginen, lehenago askoren antzera. Ez dituzte bisitak onartzen. Ikerketak diskrezioz egin behar direla argudiatzen dute, emaitzak lortu ahala argitaratuko dituztela unibertsitatearen webgunean, ezer aurreratzekotan gaixoen senideei jakinaraziko dietela aurrena.

      Bitor: Estutu ditzagun orduan.

      Tom: Nondik? Ikerketa talde hori presidentea bera baino babestuago dago.

      Bitor: Izango ditek arrakalaren bat.

      Tom: Ihes egiteko, izatekotan. Etsi osaba, beste bidezidorren batetik arinago iritsiko gara. Orain ez dakizu gaitza barruan duzun...

      Bitor: Erantzun bat behar diat etxera itzuli aurretik. Dena diagu galtzeko.

      Kanpusean hiru pauso eman zituztenerako, paparrean Coparmy nabarmentzen zuten uniformedun lau morroi hurreratu zitzaizkien nora joan asmo zuten mehatxuka. Gaitz arraroen ikerketa taldeagaz berba egin baino ez zutela gura erantzun zien Tom ilobak, Bitor beren-beregi Europatik joandakoa zela, anaiak pairatutako gaitza garatzeko aukera handiak zituela, izan zezatela erruki poxi bat. Trajedun bosgarren tipo batek amultsuki adierazi zien Harvardeko ikerketa-taldeek herritarrei erantzuteko protokoloa dutela, ezin diotela edozein zorori edozein unetan kasu egin, ez ote ziren jabetzen ikerketa-taldea munduko biztanleriaren onerako ari zela, zilborrari begiratzeari utzi eta hurkoen beharrizanak ere aintzat har zitzatela, otoi, heriotza andana ekidin zitzakeen aurkikuntza lanak ezin zirela bakarraren premiengatik eten. Lasai etxeratzeko, ziurrenik ez zela horren larria.

      Bitor: Txakur deslaien ostikoak jasota utzi genuen Harvard, herra bilakatuko zenaren lehen pindarrak isiotuta. Ilobak baretzeko ziostan, alferrekoa zela, hormatzarra lodiegia zela topeka botatzeko. Huntingtona familia berekoen artean suertatzen bazen ere, horrek ez zuela erabat baieztatzen nik ere barruan nekarrenik.

      Etxeko nork garatu zuen gaitza? Non? Ezterenzubin? Kalifornian?

      Isiltzen ez dakiten galdera malapartatuok!