Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

7

 

Nardi ostatua Errebale berria populatzen hasi zirenean zabaldu zuten, diktadorearen laguntza tarteko. Aterpetzen zuen eraikina Errebale zaharrekoa zen, auzo modernotik bazter utzi ez zuten baserri bakarra, familia abertzale batena, abegikortasunez ebatzirik narditarrei eskainitakoa, Espainiaren alde isuritako izerdi eta odolaren sari. Narditarrena, Francoren alde borrokatzera Italiatik etorritako sarjentu baten sendia zen, Otxandioko eta Durangoko bonbardaketetan aritutako teniente baten ondorengoak.

      Bitor: Ez aipatu halakorik ugazabandre Doloresi. Errefusatu egiten du bere familiaren iragana. “Nik ez dut aurrekoek egindakoaren ardurarik”, esaten du gaitziturik.

      Baserria zenaren etxabean taberna moldatu zuten, goiko lehen solairuan logelak, narditarrak batean, maizterrak gainontzekoetan. Gerran galdutako gurasoekiko harremanen ordezkoak ziren Narditarrekikoak maizter askorentzat. Izan Carola, izan Soledad, izan Amalia, Nardi andrea zuten negar-altzo. Zeinen aurpegi aratza, zeinen esku latzak, zeinen azal zuria, zeinen esku gorriak Doloresek. Ezinbestean koloretan atera nizkion zuri-beltzean nahiago nituzkeen argazkiak. Koadrodun amantalean harrotzen zen gorputzaz aurreratzen zituen gerora hitzekin osatuko zituenak.

      Dolores: Bitorrek, taxiagaz Bilbon hasi zenean, eguerditik ordu txikiak arte joan-etorri etengabeak egiten zituen, hiriko erdigunetik zein inguruko herrietatik Errebalera, gurera, hala gorbatadunak nola abarkadunak ekartzera, belarrimotzak berdin sabindarrak.

      Arantza: Ezjakinei bizitza erakutsi guran.

      Bitor: Lehen ez genuen Guggenheimik. Zapatuetan ere lanera. Domekak aste luzeak balira bezala profitatzen ahalegintzen ziren orduko gazteak.

      Arantza: Sekretuak gordetzen zenekiten konfesore agurgarriak, taxistak.

      Dolores: Halaxe da, neska; zenbat mozkor maitasun bakoren bihozminak ez ote dituen Bitorrek entzun!

      Bitor: Barruan zerbitzatuko diguzu, Dolores?

      Dolores: Zuena baino batzar garrantzitsuagokoei egin izan diedan legez. Orduan eguzkiak gehiago argitzen zuela, orduan euriak atertu egiten zuela.

      Bitor: Esku hutsik etorri zara...

      Arantza: Abisatu nizun, ez dut idazteko ohiturarik.

      Bitor: Irakurtzen jakingo duzu behinik behin. Emaiozu bistadizoa karpeta honi, nire iloba Saioa iritsi bitartean.

      Zack Vicente doktoreari buruzko dokumentazio lanaren emaitza zen. Paper-meta mahai gainean pausaturik hasi zitzaidan eleketan Larralde taxista. Milaka ziren neuropsikiatrari buruz interneten dandilizka irakur zitezkeen elkarrizketa, publierreportaje eta enparauak. Texas Mexiko zenetik abelazkuntzan, petrolio eta gas ustiaketan aberastutako sendian sortua, Forbes aldizkariaren arabera, vicentetarrak XIX. mende amaieratik ziren munduko familia aberatsenetarik. Rangersetatik hasi, Wall Streeten sustraitu eta Kapitolioraino saretu ziren, abelazkuntza, petrolioa eta gasa ez eze, farmazeutika eta teknologia berriak direla medio. Dirutza bideratu zuten Bill Clintonen presidentetzarako kanpainara, eurek erakarri zizkieten komunitate hispanoaren bozka erabakigarriak Bushi lehenik, Obamari ondoren.

      Bitor: Han ez dute erabakirik hartzen vicentetarren oniritzi barik.

      Arantza: Ideia ona da bahitzearena. Galderak prest izango dituzu aspalditik.

      Bitor: Ez da azterketa bat izango, galdera bakarrarekin nahikoa.

      Arantza: Arrastorik utzi barik, buruz ikasteko. Bikain.

      Bitor: Beste hiru lagunen premia dut bahiketarako. Esan dizut, argi daukat egin beharrekoa, eta ezin dut bakarrik lortu. Zure egitekoa ez da horren iluna ere, lehenago ere izango zinen diruarengatik lan egindakoa.

      Arantza: Noiz batuko zaizkigu beste biak?

      Bitor: Saioa bidean da. Bestea gero lakiotuko dugu.

      Arantza: Zein da zure plana?

      Bitor: Zack Vicente bahitu eta gau bakarrean Huntington gaitzaren sendabidea esanaraztea. Inor ez da ohartuko bahitu dugunik ere.

      Arantza: Ezta bera ere. Onik ateratzeko itxaropena duzu.

      Bitor: Horren babestuta dagoena kakati galanta dela diost bihotzak. Baietz alarauka hasi labanaren punta sentitu orduko.

      Arantza: Utziko didazu galdeketan egoten? Vicenteren keinuak erretratatu gura ditut.

      Bitor: Ez diot galdeketarik egingo. Galdera bakarra. Eta noski, horretarako kontratatu zaitut, egingo dudan guztia jaso dezazun.

      Arantza: Eta martiri ustea badu?

      Bitor: Ziur nago ezetz.

      Arantza: Eta ezer esaten ez badu?

      Bitor: Erantzunaraziko diot.

      Arantza: Ez nekien taxisten kode deontologikoan tortura baimentzen zenik.

      Bitor: Ikusi ditut zure argazkiak, sarean dagozen guztiak. Argazki baten truke zaurituak eta hildakoak laguntzeari utzitakoa zara.

      Arantza: Argazkiratuta, betiko lagundu diet.

      Bitor: Jendea mila puskatan... eta zuei argazkiak ateratzea baino ez zaizue bururatzen.

      Arantza: Guri esker irudikatzen duzue mundua zein zabala eta krudela den.

      Bitor: Horrenbeste gerra irudi, egunero, atergabe, erauntsian. Jabetuko zinen dagoeneko odolak ez dakarkigula malkorik.

      Arantza: Tira, esadazu, noiz ezagutuko dut zure iloba?