Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

4

 

Gerra argazkilari neroatzan urteetan horrenbestetan saihestutako gaiari buruzko elkarrizketa izan nuen taxista harekin. Ez nuen lehen taxista filosofoa. Habanako, Mexiko DFko, Istanbuleko, New Yorkeko taxista bategaz platikatua nintzen lehenago ere, gai existentzialez zein garrantzi bakoez luze jarduna nintzen mundu osokoekin. Baina Bitor Larraldek azaleratzeko txandaren zain neukan galderaren punta zorrotza sartu zidan ipurmasailetan. Galdetegia buruz ikasia zuen zamaketari hark berandutu egin zidan loa. Itsasoan, pozoitutako uretan, tripaz gora dagozen ehunka gorpu bete erretratatzetik nentorren, lehenagotik ere lar maite ez nuen solaserako batere gogo barik, eta tipo hark, konturatu orduko filosofia eta etika azterketa sakona egin zidan. Utz nazazu etxepean eta bakean! Zuk zer ostia dakizu, zamaketari menpeko ziztrin bat baino ez zara-eta! Ze memoria eta ze memoriaondo!

      Zentzuduntzat dut neure burua, ez dut kalapita maite, baina batzuetan oldartu egiten zait piztia. Onartzen dut umetako oroitzapen bakar batek ere ez didala pertsonenganako maitasuna sentitzeko arrazoirik sustraitu. Gorroto ditut lagunarteak, gorroto dut familia, gorroto ditut zorion ospakizunak. Gaztetan erosi nuen lehen kamerarekin gurasoei familia argazkia ateratzea otu zitzaidanetik. Aitak eskuineko eskua jakan sartu zuen, ezkerrekoa poltsikoan. Amak biak ostendu zituen.

      Hartzaile txarra naiz, izua diot ubelari, txikitxuterik. Gure aita zenak jatorduro eginarazten zigun otoitz Familia da gizon baten ondasunik preziatuena. Hiesak jota hil zen hura, auzoko lilitegietan erlezaintzan ibiltzearen podesuz, medikuak hilostean, bagenekiena, aitortzera. Amak, hilartekoak bikote finko barik gozatzea hobetsi zuen. Apotan ausarki gozatu zuen aluki zein zakilkiekin. Argazkilaria izan gura nuela aitortu nionean, aitaren bizitza aseguruko dirutik aurreratu zidan. Bartzelonan eskola berria zabalduko dute, zoaz. Etorri lantzean bisitan, ez gehiegitan ere, munduan izango da jende zoragarririk, bila ezazu. Zure askatasuna zeure barruan baino ez duzu libre, eta ez zaitzala ezelango tiranok konkista.

      Aita putazale haren zurikeriarako, serorek gobernatutako ikastetxe batean sartu ninduten, zeinak Bilbo erdian egonik hiriari itzuri eginda irauten duen mende bete eta arean gehiagoz egun ere. Zerurainoko hormatzar gris haiek urrunetik ikusteak, erraldoientzat egurrezko ate bekokilun hura zeharkatzea, usain hotz hura. Amari ez askatzeko oratu nizkion eskua eta begirada, berak niri estuago, eskolako lehen egunean. Aitak serorarekin berba egin ostean agindu zidan: Utzi negarrari eta zoaz, Jaungoikoaren etxean sartuko zara, esker ona erakutsi beharko zeniguke.

      Lehen egun hartan, nork bere burua banan-banan aurkeztu genuenean, gezurra esan nuen. Ahizpak asmatu nituen, aitaren lanbidea, amaren ofizioa. Ez nien etxekoei buruzko egia bakar bat esan. Serorategian eman nituen urteak egun hartako gezurrei zerizkien itoginak betetzen eman nituen. Olgeta hura arnasbide bilakatu zitzaidan argirik gabeko inframunduan. Gorroto nuen begirik kentzen ez zidan Mendoza ahizpa. Hezur haragizko katamalo bat zen, maniki hiltzailea, itxurakeriaren perfekzionista. Horren gintuen maite, ezen bizitzaren misterioaren ilunengandik babesteko zeruko argia gure hankarteetan xerkatzen baitzuen. Ni kirikolatz malerusak eta barraskilo mesfidatiak irudikatuz laketzen nintzen, laino koloreko arkatzez.

      Serorategia utzita gaurdaino, erabateko bakardadean bizitzen ahalegindu naiz, eguneroko betebeharretatik aske. Amaren aholkua iparrorratz, Deustuko tabernetan hasi nintzen lanean eta unibertsitatera ikasten etorritakoen pisu batean hartu nuen ostatu. Independentzia beteko hastapen haietan, ustez libre eta airos, iluntzero lanean, egunak loari emana bizi izan nintzen, ia urtebetez. Egun libreetan hogei ordu ere igarotzen nituen ohean, lo, kokorrotuta, ezertan ez pentsatzeko ahaleginetan, zerrendak osatzen, ehunka, edozeri buruzkoak: Hitzak, bata bestearen azpian. Amaitutakoan, berba zerrenda luze haiek horma kontra fusilatzen nituen, zatitan txikitu. Eta halako batean, goiz batez, angurria, kiwia, meloia, kafesnea eta gailetak gosaltzen ari nintzela, argazkilaria izango nintzela erabaki nuen. Garbi ikusi nuen luzaroan ez nuela ez pertsonarik ez objekturik maitatu. Jabetu nintzen gertukoekiko zegokidan maitasuna ez zela maitasun, amodioaren simulakroa baino. Baita amarekikoa ere. Baita amarena nirekiko ere. Enigma bat bihurtu nintzela neure buruarentzat, deskribaezina nuela ispiluaren aurrekoa. Argazkietan baino ez nuela bakerik ezagutuko.

      Gerra argazkilari gero bihurtu nintzen, Bartzelona txikiegia eta Bilbo itogarria egin zitzaizkidanean. Koldarrak irentsi ninduen Bilbora ez itzultzeko. Ez nuen gure hildakoen argazkirik egin nahi. Amak berak ez itzultzeko eskatu zidan, bilatzeko beste gerra batzuk argazkietarako, auzokoegia zela gurea onik ateratzeko, orduko etengabeko euri zitalak ez zuela atertuko luzaroan.

      Gerra argazkilaritzan gura beste lan izan nuen, usoa beti zegoen begipunturen batean eta ni patxada handiko frankotiratzailea nintzen. Basakeria bakoitzerako objektibo egokia aukeratzen nuelako miresten ninduten ofiziokideek. Aiherga hartzen nituen lausenguak, ez nuen zer erantzun jakiten. Argazkietan dago nire hitza. Ez dut beste ezer esateko.

      Urteetan ikusitakoek ez zidaten espeziekideekin berradiskidetuko nintzenik iragartzen. Baina hori erabat aldatu zen, lehenik Kandilgo mendietan Zelal ezagutu nuenean. Eta Bitor Larraldek Zack Vicente bahitzea proposatu zidanean gero. Orain, memoria gimnasioan akitu arte darabildan honetan, okertzeko beldur gabe bereizten ditut bizitza aldarazi didaten gertakariak. Orain ez naiz egiaren beldur edozer esateko.