Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

22

 

Berandu entzun nuen Saioaren deiak itzartu ninduen. Mezuan zioenez, Imazek Bitorri albait arinen biltzeko proposatu zion, informazio sano garrantzitsua zuela jakinarazteko. Edo hori ulertu uste izan zuen Saioak, osaba zelatatzen aritu zenean. Iluntzera arte, lanera noa esanda agurtu zituen Bitorrek etxekoak, Saioari begiratu ere egin barik. Susmo txarren malgukiak ziztuan egin zion salto Saioari. Atzetik joango zitzaion, Imazegaz zertan ari zen jakiteko. Beragaz joatea gura zuen.

      Egun batez bahiketari buruzkoak alboratu asmo nituen, Zelali, erakusketari eta glaukomari eskaini arreta osoa.

      General Conchan zegoela eta joateko ziostan Saioak, joateko arin, Bitor eta Imaz andrazko bategaz bilduta zegoazela, emazte hura zein zen ikertzea zegokigula.

      Zilar koloreko Mercedes C 320aren aurreko eserlekuetan zain zeuden bi gizonezkoei ilea mototsean luze bilduta belaunetarainoko urre koloreko gabardina besarkatzen zuen beltzarana bildu zitzaien. Ataritik taxirainoko bidea euriak bustitzerik ez balu legez egin zuela dut gogoan, pauso bakoitzean zapaltzen zuen lurrari abisua emanez: Zorionekoa zara, hauxe duzu behetik gora ikusteko izango duzun aukera bakarra, ez dut oinik zure gainean berriz pausatuko. Akorduan dut argazkiak egiten ari nintzaiola kameraren gainetik begiratu nuela, sorgor, irri konplize batek ihes zegidala.

      Saioa: Zertan ari ote dira? Zergatik ez dira putetxean batzartu?

      Arantza: Beltxarga ederra dun.

      Saioa: Poliziek mikroak izango dituztelako putetxean? Baina eurak badira bezero preferentzialak? Komisarian elkarri adarra joko diote, ziur, zeinek eutsi dion luzaroen, zeinek eragin dizkion intziri gehien putari...

      Arantza: Hire osabaren taxia dun. Galdetu egion. Ni banoan, ez dinat bihar arte ezer jakin gura. Dirua lortzeko bankuren bat lapurtzea hausnartzen hasiko naun. Honen guzti honen kiratsa jasanezina dun.

      Saioa: Izango din motiboren bat horrela jokatzeko. Ez ezan arinki epaitu.

      Arantza: Epelak bota hizkion atzo, gaur buruhotz jokatzeko diostan.

      Saioa: Ohartu bainaiz osabak gu babesteko gorde asmo duela informazioa.

      Arantza: Kaka zipriztinek ez diezaguten orbanik utzi.

      Saioa: Hain zuzen. Ihesbide ahalik eta gutxien zarratu gura dizkigula uste dinat.

      Desoreka bipolarraren albo kalteak. Ez ote zen inor osasuntsu munduan?

      Arantza: Esango didan. Ni banoan, erakusketa prestatzera. Hitzordua bihar dinagu, oker ez banaiz.

      Saioa: Ni osabaren atzetik noan. Emakume horrek gure bahiketan zer zerikusi duen jakin gura dinat.

      Bat-batean alde egiteak sortutako erantzuna balekotzat hartuta, Rekalde aretora jo nuen. Erakusketarako azalpen testua amaitu eta lagin izango zen potreta beraiek erabakitzea proposatu nien, nik banuela aukeratua, baina ez ote zen egokiago kanpoko begirada batek hautatzea edonor erakartzeko modukoa. Bozkario handi barik onartu zidaten beranduegi nekarkien proposamena. Sormenak libre behar du, edozertarako. Artistoi onartzen zaigun diziplina eza aitzakiatzat hartuta agurtu nituen.