Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

9

 

Bahiketaren xehetasunak zerrendatzen eman nuen afalostea.

      Noiz bahituko dugu?

      Zein izango da bakoitzaren zeregina?

      Nora eramango dugu bahitua? Eta haren bizkartzaina?

      Nor demontre dira Bitor eta Saioa Larralde osaba-ilobak?

      Ezinbesteko nuen dirutza eskaini zidan Bitor Larraldek. Erdia hasi orduko. Beste horrenbestegaz Kurdistanera itzul nintekeen, menturaz baita Milwaukeeko ebakuntza ordaindu ere. Kostako zitzaidan diru beltz hura zelan zuritu ebaztea.

      Dokumentu saldoa, interneteko estekak, bahiketa ereduak, bahitzaile eta bahituaren arteko balizko elkarrizketak eta, oroz gain nabarmendurik, bahitzaile hasiberriarentzako eskuliburuak, dekalogoak, zerrendak, parpailak, erdeinagarriak, esanekoak.

      Bitorrek bat zuen asterisko gorri handiz nabarmendurik.

      Erreskatea eskatzeko bahiketa:

      1.— Hasteko eta bat, oso garrantzitsua da nor bahituko duzun erabakitzea.

      2.— Bahiketan zenbatek parte hartuko duzuen ondo zehaztea ere inportantea da. Baten gorabeheran dena pikutara joan daiteke.

      3.— Nork zenbatuko du dirua? Erabaki arte ez zirkinik egin.

      4.— Aztertu ezazu luzaroan bahitua non gordeko duzun. Adibidez, zulo batean gordeko baduzu, arduratu zaitez zuloa bahitua baino handiagoa izan dadin.

      5.— Ostean hilko ez baduzu, katamalotu aurpegia, bahituek eta poliziek memoria ona izan ohi dute.

      6.— Ez egin berbarik bahituagaz ez bada eraztun kosmikoaz edo amniozentesiaren ezinbestekotasunaz. Bahituek eta poliziek sano entzumen garatua izaten dute.

      7.— Airea gardena izan dadila. Smog edo antzeko kutsadura oso kaltegarria da bahitzailearen eta bahituaren arteko harremanerako, eta eragin zuzena izan dezake erreskatearen behin betiko kopuruan.

      8.— Erabili eskularruak, ez eman eskurik bahituari eskularrurik gabe. Bakteria, germen eta enparau gehienak jendeak elkarri eskua ematetik kutsatzen dira. Askoz lagun gutxiago hilko lirateke elkarri eskua emateko ohiturari utziko bagenio.

      9.— AEBetako bahitzailegaia bazara, lapurtu ezazu bankuren bat. FBIkoek egunero 2.300 bat bahiketa salaketa jasotzen dituzte; eta 2.301garrena bazara, ziurrenik ez dute zure mehatxua aintzat hartuko. Europan sinesgarriagoa da.

      10.— Luze hausnartu zenbat eskatuko duzun. Milioi bat eurotik gorakoetara 102 polizia bideratzen dituzte. Gutxiago bada, 15ekin moldatzen dira.

      11.— Trukerako biltokiak bi baldintza bete behar ditu: trukerako nahikoa zabala izatea eta gutxienez teilatua erortzear duen eraikin bat hamaika pausotara egotea.

      Bahiketena ez zitzaidan arrotza. Mexikon izana nintzen, Ekialde Hurbilean. Ofiziokideen artean egunero piztu beharreko argi gorria genuen. Gerra argazkilariok beti gara bahituri. Bertatik bertara ezagutu zituztenek kontatzen zuten, bahiketa gehienetan, bahituak ez duela berriz ekirik ikusten. Frogatzea egokitu zitzaidan behin baino gehiagotan.

      Vicenterenak samurra zirudien, ez gorputz mutilaturik ez senitarteko kontsolaezinik.

      Hori bai, Bitor Larralderekikoak argitzeak asko kezkatzen ninduen. Beti hautatu dut norentzat lan egin. Beti jakin izan dut komunikabidearen hariak zein atzamarretatik ari diren dantzari. Oraingoan taxista bat zen, ustez gaitasun gutxikoa inor dantzarazteko.

      Errealitatea eta loa bereizten ikasia nintzen aspaldi baina gogoan dut arean artega nengoela gidari misteriotsuarekikoak argitu ezinik.