Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

2

 

Egia erauzteko erabaki zuen gizon hura bahitzea. Aurrez ez zuen hiltzeko asmorik, bahitu baino ez zuen egin nahi, egia esan ziezaion. Etengabe errepikatu zidan, ez zuen hiltzeko asmorik. Egia jakin behar zuen, besterik ez. Bortxaz bazen ere. Erabat sinisturik ziostanez, ez baitago egia azalarazteko edo ostentzeko modu eraginkorragorik, biolentzia beti baitabil usnaka, biolentzia adurra dariola letagin zorrotzak erakusten dituen txakur uhaletik lotua baita. Bahitzaile bati gura beste adjektibo atxikirik ere, ez gutxiestea komeni dela ikasi nion. Bahitzaileak luzaroan zelatatzen duela ehizakia, helburu argia duela. Batek burua estali, beste batek autoan sartu, hirugarrenak azeleragailuari sakatu eta laugarrenak erreskaterako baldintzak negoziatuta helburua erdiestea, ti-ta, klaketa, akzioa. Bakarrean gatxagoa da, batez ere bahitugaia norberaren neurrikoa bada. Are zailagoa bahitugaia munduko mediku ezagun bezain goretsia bada. Ia ezinezkoa neuropsikiatren arteko izar distiratsuenetako hori herrialdez herrialde, mintegirik mintegi, hegazkinetatik hoteletara, beti bizkartzain batek gerizpeki jagoten badu. Bitor Larralderi behelaino hori guztia atoan oskarbitu zitzaion beste irtenbiderik ez zuela ohartu zenean, eragozpen, oztopo eta enparauen mehatxuak mehatxu. Bizitza bakarra zuelako, horrenbeste urtean lozorroan egon ostean, ernai sentitzen zelako. Erreskaterik gabeko bahiketa izango zen, haren hitzetan mundutarron mesederako sekuestroa, bahituari berari ere on egingo ziona, gau batez baino ez bada ere, ospetsu orok merezi baitu bahitua izatea benetan munduak zenbat estimatzen duen jabetu dadin.

      Umetatik zerbaiten esperoan bizi zen sentipena sumatu zuen Bitor Larraldek. Azken seme, mezatan ostia jasotzeko ilaran, lagunekin futbolean atezain, logelako leihotik ama lanetik noiz etxeratuko, elaiak baserriko ataurreko habiara noiz itzuliko, maiteak Ez zaitut inoiz ahaztuko aitortuko zion deiaren txirrina gogoan, euria noiz atertuko. Esperoan beti. Zer etorriko, nor hurbilduko, noiz gertatuko. Oraingoan orpoak erakutsiko zizkion erlojuari, ostiak berak banatuko zituen, aurrelari jokatuko zuen. Txalotzeko ausardia zirudikeen ez balitz orduan ere pairatzen zuen gaixotasun larriak noiz eraso egingo zain zegoela, ez balitz orduan ere beste batek aitortuko ei zion egia baten zain bizi zela. Patua izango zen, esperantzaren etimologia, apika, zalantza bekorotz galanta, nolanahi ere.

      Ezetz asmatu nor bahitu duten? galdetu izan balidate, ez dut uste medikuntza arloko inor aipatuko nukeenik. Zer jakin behar nuen munduko neuropsikiatra ezagunena nor zen? Ez zegokeen neuropsikiatrarik nire bahitugaien milako zerrendan, sinesgaitza egingo zitzaidan taxi gidari batek altxorrik desiratuena baino babestuago zebilen neuropsikiatra bahitzea lortuko zuenik. Bururatzea ere! Zer dela-eta bahitu? Zer sendatzen du neuropsikiatra batek? Zergatik jakin behar du gerra argazkilari batek zeinek sendatzen dituen endekapenezko gaixotasunak?

      BECen burutuko zen nazioarteko mintegian parte hartu behar zuela profitatuz, mundu osoko komunikabideetan ongile handienekotzat aurkezten zuten Zackari Vicente zen, hortaz, bahitugaia. Bahitzailea, Bitor Larralde, taxista; bahitzaileen buru, hain zuzen, ezinbesteko baitzituen laguntzaileak. Hastapenetik Saioa iloba filosofogaia zuen burkide, ni neu geroxeago konbentzitu ninduen. Aberats zein politikarien taxi gidaria izango zen hirugarren limurtua. Laugarrena, luxuzko sexu langileen etxemaite bateko madama.

      Bost laguneko talde hark hiru aste zituen bahiketaren xehetasun txikienak ere aurreikusteko. Gau bakarra, Bitorrek Vicenteri egia erauz ziezaion. Hiru aste horietan mozkorrean ezagutu genuen elkar, egiak eta gezurrak jitoan ibili ziren gure artean, ezkutaketa jolas labirintikoan une oro. Eta zalantza guztiekiko Bitorren sententzia: Arteak akatsak ditu, laztana. Eta egia latza da.