Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

15

 

Itzulerako hegazkinean ehotzen hasi zen Bitor gure laguntzari esker gauzatuko zuen betekizuna, ez zion bere buruari horren erraz hiltzen utziko, gaitzari aurrea hartu behar zion, egunen batean agertzekotan, orpoa urrunetik erakusteko. Irakurria zuen pertsonok hilezkortasuna galdutzat dugula heriotzarekiko erresistentziak ez duelako mendeetan aurrerapausorik eman, progresoa ez dela eternitateraino iritsi. Gorputz osoa bizirik iraunarazten ahalegintzen garela kontzientziari dagokiona iraunarazten ahalegindu beharko ginatekeen bitartean. Zack Vicentek jakingo zuen Huntington gaitzak ustelarazi gura zion gorputzari gailenduko zitzaion mekanismo neuronala aktibatzen. Zack Vicentek bazekikeen bizitza luzatzen. Zergatik horrenbeste bizkartzain, horrenbeste segurtasun, horrenbeste sekretu, ez bazen zerbait benetan potoloa zekielako? Irtengo zen egunen batean zulotik eta, orduan, aitzurra goian izango zuen Bitor Larralde.

      Bitor: Zack Vicente Bilbora etortzea seinale bat da. Ez da sekula Euskal Herrian izan, Europara ez da usu etortzen. Errepikatuko ez den abagunea da.

      Arantza: Batez ere zuretzat.

      Bitor: Helburua lortu ezean, diruaren bigarren zatia ez duzu jasoko.

      Arantza: Non egin zenuen talde-dinamikarako ikastaroa? Ez dut egundo eginbako lanengatik kobratu, ez didazu zerurik argitu. Nire lana egunean bertan amaituko dut. Hil aurretik ordaindu ahal izango didazu. Sartuko gara zehaztasunetan? Asteotan lanez gainezka nabil, erakusketa bat prestatu behar dut, bidaia bat antolatu...

      Bitor: Lan honek erabateko dedikazioa eskatzen du.

      Arantza: Hil ala bizikoa, bai. Emango didazu Fidel Imazen helbidea beharrean has nadin?

      Bitor: Concha Jenerala, 1 zenbakia. Atariaren eskuinean dagoen garajetik aterako da. Eskuinetara errepidea, ezkerretara kalea. Errepidearen aldetik ez duzu aurrez aurreko oztoporik izango, ezkerrekotik autoak aparkaturik. Eroango zaitut haraino.

      Arantza: Ez. Ausaz ikusten bazaitu, susmoa hartuko du.

      Bitor: Susmagarria ote da taxista taxian ikustea? Bezeroen antzera atzetik irteten bazara, ez du ezer igarriko.

      Saioa: Osaba, agian zeure burua gaurdanik hiltzat eman zenezake, hartara, ez duzu hil beharko. Esna dabilen hildakoa oharkabean bizitzea errazagoa da, inork ezingo zaitu Vicenteren bahiketagaz lotu.

      Bitor: Hiltzat eman hil beharrik ez izateko, ez egon bizitzaren aiduru arriskuan jarri beharrik ez izateko. Ez dun ideia txarra Saioa. Zein filosofo drogazaleri ikasi dion?

      Arantza: Bat nator Bitorregaz. Ondo garatu gabeko plana proposatzen duzu, Saioa. Zelan hilko da Bitor, berpiztu aurretik? Eta garrantzitsuagoa dena, nik egun osoa eman beharko dut Imaz hori noiz aterako zain kale berean alderik alde? Inor ez da ohartuko turista batek egun osoa daroala kantoi batean jesarrita, garaje bati beha?

      Saioa: Zezen plaza bisita dezakezu, General Concha inguruan denda, jatetxe zein tabernak dagoz, baduzu denbora non eman.

      Bitor: Putetxean kamarero dabilen batek mezua igorriko dio nire lagun taxista bati, Imazek joateko keinua egin bezain laster. Hark niri eta nik zuri, Arantza.

      Arantza: Gamelu aparta zara! Beharrezko dosia ematen diguzu, ez gehiago ez gutxiago.

      Bitor: Ardura nagusia nirea da. Aurrelan asko egin dut, eta ez dizkizuet azalduko beharrezkoak ez diren ņabardurak. Ez gaude denbora galtzeko.

      Zezen plazatik ehun metrora utzi ninduen Bitorrek. Euri-memela ari zuen, aterkiak babestuko ninduen kalean inoren susmoetarik. Fidel Imazek ez ninduen ezagutzen, ezingo ninduen aterki beltz haren azpian inorengandik bereizi. Langarpean beti dabil etxerik ez duen aterki beltz bat espaloietan alderrai. Eta Turismo Bilbao gida edozein turistaren eskuetan.

      Putetxeko Bitorren kontaktuaren deiaren aiduru sartu nintzen El Sol kafetegian. Turismo gidari sinetsiz gero, kafetegia zezenzale amorratuen elkargunea zen, adituen arteko eztabaidaleku famosoa. Kafea ingelesez eskatu eta General Concha kaleari bekoz beko begira egoteko moduan eseri nintzen kristalaren alboko mahaian. Minutu bateko distantziara nengoen, Fidel Imazek kotxea martxan jarri eta garajeko atea erabat zabaldu orduko zoom eraginkorrena jartzeko nahikoa denbora izango nuen.

      Mugikorra ezkerreko poltsikoan neraman, dardara eran, bolumena sabaijoka. Ordubetegarrenean, Bilboko gida eta barruko planoa buruz ikasteko imintzio guztiak antzeztu ostean, bokarta platera eta finoa eskatu nituen, Fidel Imazek etxeratzeko presarik ez zuelakoan. Erakusketarako testuei aurre egiteko tarte egokia iruditu zitzaidan.

      Hasiberri zen idazle gazte bati proposatu nion argazki-oinak idatz ziezazkidan. Mundua aldatuko zuen idazlea gura nuen, berba bezatuak basati bilakatu beharrak bizi zuena, benetakotasunaz bipilki arituko zena, ahoan bilo barik, autozentsuraren etsai bat. Eta aldi berean, erretratuak irakurtzen zekiena. Menturaz lar estutu nuen, menturaz bortxaren eraginei buruzko nire argazkiekin adierazi gura nuenaz jabetzeko goizegi zuen idazle hasiberriak. Hidrogenoz beterikoak bidali zizkidan:

      Hilobiei, bizirauteko, jaten eman behar zaie.

      Giza-espezieak irudietan baino ez du biziraungo.

      Heriotzaren gordailua da bizitza.

      Bizitza behin eta berriz errepikatzen diren irudiak baino gehiago da.

      Itsuak dira esklabo bizi ez diren bakarrak, gainontzekook bizitza osorako kondena dugu.

      Zein beharrizan du egiak horrenbeste mozorrotzeko?

      Zakarrontzira mugitu nituen denak. Onartuko zidan idazle gazteak ezezkorik? Mezua idazten hasi nintzaionean telefonoaren bibrazioa sumatu nuen ezkerreko poltsikoan. “Badoatzu. 5 minutu”. Bakarraren hiru laurden behar izan nituen tabernatik garajea bete-betean hartzen zuen argazkia ateratzearren kale ertzera iristeko. Garajeko atea zabaltzen ari zela iragartzen zuen bonbilla keinuka hasi zen. Lexus dirdiratsuak espaloitik ziztuan egin zuen kaleraino, betaurreko beltzekiko tipo batek ezkerretara begiratu, klikklikliklik, eta eskuinetik alde egin zuen. Atzealdeko matrikula zenbakia osorik antzeman nion kalea General Concha zela iradokitzen zuen markoan.

      Bitor: Balekoak dira. Emazteak eta Iberdrolakoek amua irentsiko dute.

      Arantza: Lakioa Fidel Imazen zaman estututa nahikoa dugu. Berehala konturatuko da non egon den badakigula.

      Saioa: Nolanahi dela, xantaia edozeinek onartzeko modukoa da.

      Arantza: Xantaia ere ez da-eta!

      Bitor: Moldatu itzazu mugikorretik azkar bidaltzeko eran. Etxera iritsi bezain laster jaso behar ditu Fidelek, gaizki eginaren damuak izerdi hotza sor dakion.

      Arantza: Eta etxera joan ez bada?

      Saioa: Honezkero asmatuko zuen emaztea atzipetzeko istorio perfektua...

      Arantza: Eta gosez ahozabalik dagoen antzara gibel puztua denez emaztea...

      Bitor: Lezio feministak gero. Orain gatozen lanera. Konprimitu itzazu argazkiok, zer idatzi asmatzen dudan bitartean.

      Saioa: Utzidazu niri, osaba; herra amiņi bat erne zait Imaz horrekiko.

      Narditarren ostatutik lekora joan zitzaidan behakoa, dozena erdi argazki haiek trinkotzen zirela. Nire kamera poliziatzarako erabili nuen lehen aldia al zen? Zenbat argazki atera ote nituen inoren kontrolerako baizik ez zirenak?

      Zelal hartu nuen gomutan. Eta Zack Vicente. Eta erakusketa. Eta glaukoma. Erreskadan etorri zitzaizkidan, braustakoan, eskuetatik itzuri egiten zidan hariren batek moropildurik. Betidanik lagun taldeei iskin egiteko nuen joeraz pentsatu nuen, pertsonak bakarka, zuri-beltzean argazkiratzeko zaletasunaz.

      Bitor Larraldek ez ninduen ausaz hautatu: nire argazkiak galbahetuta zituen ehunkaren artetik, Bilbon dozenaka ginen argazkigintzara emanak, mugikorrak zenbaturik milaka balizko. Erosi egin ninduen, bazekielako salgai nintzela. Bizitza osoa kamera atzean eman ostean, aurrean esku hutsik egoteko arrisku bizian nengoen.

      Bitorren haurtzaroko Ezterenzubin salbu nengoke.