Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

16

 

Fidel Imazi mehatxua bidali eta bost orduren buruan La Granja kafetegian elkartu behar genuen. Saioak Bilboko hotel eta taberna garestienen zerrenda prest izango zuen ordurako. Eta Bitorrek, Imazen erantzun posible guztienen araberako hurrengo urratsak. Nik, kamerak eta loari muzin egiteko pilula zorroa.

      Bitorrek abisatu ninduen Imazek gauez ere bidaia franko egiten zuela handi-mandien asegarri. Geltoki bakoitzeko argazki banagaz Imazen lan eremua planoratuko genuen. Bitorrek buruz ikasiko zuenez, ez Zack Vicentek ez bizkartzainek ez zuten deus sumatuko. Sukar zebagaitz batek Imaz ohera kateatuko zuen justu Zack Vicentek Bilbon igaroko zituen bi egunetan. Eta azkenik, Fidel Imazek berak gomendatuko zien nagusiei Bitor Larralde, esperientzia handiko taxista mutua, ordezko aparta.

      Bitor: Oilo busti horrek atoan erantzun du baietz, emateko agenda gainbegiratzeko parada, gauerditik aurrera, gonbidatuak atsegin lekuetako batean utzi eta asmatuko duela ordu erdiz gurekin elkartzeko estakurua. Deustuibarreko Olagorta kalean 01:00etan zain izango dugula esan diot. Kale iluna da, hutsa.

      Saioa: Bai, nik ere gurago nuke bisaia ikusiko ez balit.

      Bitor: Berdin dio, argazkiak ditinagu, ez din Poliziara joko. La Salvetik General Concharako bidaia sarritan egiten duen lankide batek eskuratutako pistola prest zaukanat. Ez dinat uste egingo duenik, baina badaezpada pista faltsuak emango zizkionagu. Mozorroturik, poliziatzat aurkeztuko dinagu geure burua.

      Arantza: Hezurretaraino busti nahi duzu oiloa, berriz egundo lehortu ez dadin. Baina ahaztu egin zaizu, Fidel Imazek izango duela artzain txakurrik polizien artean.

      Bitor: Ezin ditu denak ezagutu, milaka dira. Nazioarteko droga trafikoagaz loturiko kasua dela sinetsaraziko diogu, eta Zack Vicente dela Atlantikoaren beste aldekoen zubi.

      Saioa: Bikaina osaba, brillantea, zinez. Eta zelan dakizu Imazek ez zaituela mozorropean ezagutuko?

      Bitor: Gidaritzan dabilen urte gutxietan aberatsentzat baizik ez din lan egin, behekoon ezagupenik batere gabea dun. Eta gainera berdin dio, kolaboratzen ez badu, argazkiak publiko egiteaz gain gaizkidetzat salatuko dugula botako zionat, urte batzuetarako zulora bidaliko dugula. Mela-mela egongo da ordurako oilaskoa.

      Arantza: Eta bankari, politikari, puta eta drogazaleekin lanean zailduta dagoen oilarra kantari hasiko da urretxindor bihurtuta...

      Bitor: Fidel Imazen osaba ondo ezagutzen dut. Ez lidake egundo gezurrik esango. Ilobari gangarra kokainak baizen ez diola tentetzen esan badu, egia izango da. Baraurik harrapatzea, beste zoririk ez dugu behar.

      Arantza: Hiru egun putetxean igaro ostean gauez lanari lotu behar zaiona tranpa gabe harrapatzea gatxa baino ezinezkoa izango da...

      Bitor: Ez dago beste lasterbiderik Zack Vicenterengana hurreratzeko. Beste ezer pentsatu ez baduzue, nire plana beteko dugu. Bi auto erabiliko ditugu. Hi, Saioa, bakarrik joango haiz eta une oro gure aurrean paratuko. Arin gidatzeko dunan trebezia beharko dinagu. Mezua jaso ostean, Imaz berez ere nahikoa artega egongo da autoa mantso gobernatzeko.

      Gauerdirako ordu laurden falta zela Fidel Imazen etxepetik berrogeita hamar metrora ginen, Maximo Agirre kalean. Taxia atariaren aurrez aurre zuen, aparkatzea galarazota zegoela zioen lekuan. Kaleari ezker eskuin begiratuta, atariko atea zarratu orduko zabalik zuen autora arrapaladan sartu eta fite ekin zion bideari Bihotz Sakraturantz. Gero eskuinera, Euskaldunatik behera Sheratonera. Bitor zuzen zegoen, taxiez gain, auto gutxi Bilboko kaleetan astegun buruzuriko gauerdietan. Saioaren Citroenik gabe, erraz antzemango gintuen Imazek segika.

      Alameda Urquijo kaleko La Casa del Bandido tabernan utzi zituen gonbidatuak eta berehala jaso zuen mezua Bitorrek. “20 minuturen buruan”.

      Olagorta kalean, bi farolen arteko ilunean aparkatu genituen autoa zein taxia. Bitorrek SP identifikagarria kendu zion Mercedesari, eta Saioaren Citroen C2an sartu zen, Imazen esperoan. Nik Mercedesetik sekuentzia osoa jaso behar nuen argazkietan. Atsedenik hartzen ez zuen euri-zaramak autoko kristalak lanbrotu zituen, gandua sortua zuen erreka bazterreko kalexkan. Bitorren taxi barrutik flashik gabe aterako nituzkeen argazkietan ez zen askorik bereiziko. Erabilgarriak izango ziren argazkietarako leku bila autotik irten eta lau pauso eman nituenean, aurrez aurre Imazen autoagaz egin nuen tupust. Argien errainu itsugarritik babesteko besoekin aurpegia ostentzen nuela, harrizko gelditu nintzen. Fidel Imaz zitekeena gurmapean desagertu zen etorritako bidetik.

      Bitor: Ze ostia egin duzu, baina?!

      Arantza: Autotik ez nuen argazkirik ateratzerik. Kasualitatea izan da.

      Bitor: Kamera lepotik zintzilik ikusiko zintuen. Auskalo zer darabilen buruan.

      Arantza: Bidali egiozu mezua albait arinen, iritsi berria zarela, non ote dagoen, zain zaudela. Zuek ez zaituzte ikusi!

      Bitor: Eta buztana astinduz hezurraren bila bueltatuko da!

      Saioa: Idatzi egiozu mezua, osaba, susmoaren ustelak betiko aldendu baino lehen.