Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

18

 

Barra hutsik ari zen kantuan Dolores Nardi arratsaldeko 16:30ean. Saioa eta Bitor hiru minuturen buruan iritsi ziren. Taberna barruan nintzela begiratuko ote zuten aldez aurretik?

      Irriz ari ziren zira bustiak eranzten zituztela. Argitu zitzaion bekokia Bitorri bezperako galarrenetik. Neuk ilundu nuen orduan.

      Arantza: Ordubete baino ez dut. Lana daukat koktel batean.

      Saioa: Zerbitzari oraingoan ere.

      Arantza: Oilarrak gangarra gorri eta tente maite du, badakin.

      Bitor: Gauerdira arteko astia dugu. Fidel Imaz Deustuko San Pedro plazako taxi-geltokian izango da zain. Oraingoan ez dut hankasartzerik onartuko.

      Arantza: Ez fio. Ezagutuko zaituen lagunen bat izango du Deustuko taxisten artean. Gurmapean ere ikusteko moduko segada bat dirudi. Iberdrolako bizkartzainek jipoitu egingo zaituzte.

      Bitor: Ez da ausartuko. Lakioa geuk baizen ezin diogu estutu.

      Arantza: Lastozko lakioa da, Bitor, puzka desegitekoa. Zein komunikabideri axola zaizkio Fidel Imaz bezalako taxista koitadu drogazale putagose baten ibilerak? Zuk beste zerbait duzu eskilarapean.

      Agentzian 1.200 euro BEZ barne agindu zizkidaten dozena bat argazki balekoren truke. Inportanteak behar zuten izan Mazarredoko koktel hartako arrainek, A kategoriakoak gutxienez. Saioari lagun ziezadan proposatu nion, ordu erdirik ez nuela baliatuko, Deusturantz elkarrekin abiatuko ginela gero.

      Bitor: Koktelekoak finitutakoan zoazte Deustura eta hautatu argazkiak urrundik ateratzeko leku diskreturen bat. Gaur ez da ganduaren eragozpenik izango. Saioa, hik estreinatu hitzan arropak eta prestatu mugikorraren bateria gaubeilarako.

      Mazarredo Zumardiko 77ra joan nintzen Saioaren Citroenean. Miró hotelaren atarian, beigea eta granatea tartekatzen zituen jaka, kapelu eta prakekiko mandatu-mutilak lagundu ninduen barruraino. Saioak zain egon beharko zuen. 30 minutu nituen argazkietarako. Prentsa arduradunak zinta gorri baten atzean lerrokatu gintuen. Launaka paratu ziren argazkien aldera. Soinekoak bakan, traje ilun, gorbata kolore bereko, ile koipetsu albora etzandakoak gehiengo. Buruan bilorik gabeko batengan desarratu nuen azkena.

      Saioa: Lirain atera ditun beleak?

      Arantza: Beleak... eta sai handi bat ere bai. Aiko hemen!

      Saioa: Ez dinat bat bera ezagutzen.

      Arantza: Hauxe dun John Paulson!, gure bahitugaiaren adiskide mina, Zack Vicentek mundutarron ongizaterako mugarria izango den albistea BECen ematea ahalbidetu duen aztia.

      Saioa: Urde zikina.

      Arantza: Bistakotik harago, Saioa, bistakotik harago. Orain begira egien hauei.

      Saioa: Ez dinat El Correo irakurtzeko ohiturarik, hain gutxi aberatsen saltsa-maltsetan txistatzeko.

      Arantza: Aiko hemen, Bilboko eraikinik altueneko kadira gorenean laketzen dena. Aiko hemen, talaia horretatik begirakune nagi batera dagoen unibertsitateko errektorea. Beste hau ezagutuko dun, filologiarik ikasi ez zuen gure alkate unibertsala.

      Saioa: Hori ezagutzen dinat.

      Arantza: Begiratu fondoko pertxentei.

      Saioa: Gaueko lore pinpirinak.

      Arantza: Paulsonen aperitifak... Eta aldamenean, zerbitzari...

      Saioa: ...gure Imaz!

      Arantza: Zack Vicentek aztarnari bidaliko zuen Paulson, astebete lehenago, iristen denerako sasiak garbitu eta balizko pozoi guztiak dastatzeko beta izan dezan.

      Saioa: Eta noski, Fidel Imaz jarriko diote itsumutil.

      Miró hoteletik ihes egin eta Errebalera abiatu ginen. Saioa Narditik bi karrikara bizi zen ama, aita, ahizpa eta osabagaz. Autoan itxaroteko esan zidan, etxekoek ez zutela usaindu behar egosten ari ginenaren sundarik. Motxila lepoan bueltatu zen ordu erdigarrenera, atzeko eserlekuetara.

      Saioa: Gidatzen jakingo dun, eztona? Goazeman Deusturantz, bidean mozorrotuko naun.

      Arantza: Urteak dira gidatzen ez dudala. Erdi ahaztuta dinat.

      Saioa: Eta zelan moldatu haiz munduan barrena?

      Arantza: Hegazkinetan eta taxietan. Gainontzeko guztiak arriskutsuak ditun. Alokatutako autoen azpian egiten dute eztanda bonbarik gehienek. Ikusita nagon gorri zegoen semaforoa profitatuz emakumea bere autotik bahitzen.

      Saioa: Osabarena umeen olgeta dela hiretzat, ez ezan ukatu.

      Arantza: Dirua behar dinat, badakin.

      Saioa: Ez zekinat zer behar dunan, hori dun egia.

      Atzerako ispilutik ari ginen elkarri begira, Saioak arropak eranzten zituen bitartean. Urteak neramatzan gidatu barik, hilabeteak ezpainik miazkatzeke, mendeak berna gazte zuri gogorrak ferekatu guran. Igarri egin zidan. Begiekaz irri egin zuen iztarteraino laburtutako prakak janztean.

      Arantza: Nik kazetaritza lana izan dela argudiatu zezakenat kartzela zigorra saihesteko, erreportaje saritugaia ontzeko ezinbestekoa nuela Poliziari bahiketaren berri ez ematea. Hik, ostera, sasiratu beste irtenbiderik ez dun izango ziegari iskin egiteko. Bitorrek ez hau ezinbesteko, zergatik laguntzen dion?

      Saioa: Osaba dinat, ia aitaren pareko. Ezin zionat bakarrik hiltzen utzi.

      Arantza: Eta Zack Vicentek ez badaki Huntingtona zelan sendatu?

      Saioa: Fede kontua dun.

      Arantza: Ez dinat sinesten. Eskolak ematen egon haiteke urte gutxi batzuk barru, betirako soldata poltsikoratu eta gogoeta filosofikoetan gura beste galtzeko denbora izan.

      Saioa: Eta horixe maite dinat. Osabak bazakin ez naizela tuntuna. Baina sinetsita zagon bere irakaspenei esker baino ez ditudala oinak lurrean pausatuko. Okerra zuzendu behar zionat.

      Eskubeteko bular zuri harroak, adats beltz airoski astindua. Irria begietatik ezpainetara jaitsi zitzaion. Lepoa berez luzatu zitzaidan ispiluari eskean. Ez zen ez Fidel Imazik ez John Paulsonik ez Zack Vicenterik Saioa desiratuko ez zuenik.

      Zientoka argazkitarako zegoen. Oraingoan memoriak ez dit hutsik egin. Imajina hari besarkatutako sentipen hura ez dut abandonatu, aldean daroat emakume gazte baten gorputzak elektrifikatzen nauenero.

      Zelalen aurpegia du Saioaren gorputzak.

      Saioa: Goazeman, Imaz zantar horren emaztea mendekatzeko ordua dun.