Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

17

 

Biharamunerako adostu zuen hitzordua Fidel Imazegaz.

      Bitor: Zuek barik elkartuko naiz harekin.

      Saioagaz etxeratu nintzen. Huntington gaitzak eragindako dardarak eskutik kirioetara goratuta zebilen Bitor. Gaitzaren sintomak egunetik egunera ezkutaezinago zitzaizkiolako kezkatuta zegoen Saioa, estresak gidatzea eragotziko zion beldur.

      Arantza: Hik egin ditzaken taxista lanak Zack Vicenterekin. Primeran ezagutzen dun hiria.

      Saioa: Eta hik egingo dun prostitutarena?

      Arantza: Ipurdi estu eta titi txikiokaz, gatx.

      Saioa: Bilboko kolore guztietako polizia gehienek atoan emango lidakete altoa. Nilako henbra pertxenta Mercedes batean...

      Arantza: Osabaren iloba haizela frogatzerik izango dun. Eta Imazi esan ziezaiokenagu, asmatzeko gezurren bat nagusientzat. Ohituta egongo dun.

      Saioa: Zack Vicentek eta haren bizkartzainek susmoa hartuko liketen. Osabak argi esan din, berak gidatuko duela Vicenterentzat.

      Arantza: Gizona marruka hasiko luken, prostituta taxista gazte bat zamalkatuko duela pentsatze hutsagaz!

      Saioa: Non sartu ote dun orain Fidel Imaz...

      Arantza: Lepoa egingo niken honezkero General Conchan dagoela berriro, sudurra sumendi, gintonikak erreskadan, gaueko loreetako bati sustraiak ere jateko irrikaz. Tontorrean izango ditin kirioak Richter eskalan.

      Saioa: Kokaina gehiegi xurgatzen badu, ezingo din zakilpasarekin askorik gozatu. Emazteari deitu eta dena kontatuko niokenan.

      Arantza: Ez dakienik askorik ez. Filosofia ikasten ari haiz, Saioa. Pentsa ezan: Fidel Imaz, Deustuko Unibertsitatean lizentziatua, Iberdrolako handi-mandi eta sokakoen zamari...

      Saioa: Gizona putetxerik putetxe aritzen dela jakinda, emazte zoriontsuarena antzezten ari dun, bi seme-alaba dituelako. Familiari dena emateko lanpostua utzi zuenez, senarrarena beste diru-iturririk ez du...

      Arantza: Erakutsiko dinat Ciudad Juarezeko emazte bati atera nion argazkia. Senarrak beste familia bat zinan Tijuanan. Narkoekiko zorra kitatzearren, Tijuanako andrea eta alabak hil zituelako espetxeratu zutenean jakin zuen senarraren bizitza paraleloaren berri. Haren masailetan ez da harridura markarik ageri.

      Saioa: Asasku galanta hartuko geniken Imazen emazteak eta biok, oraintxe deitu eta esango banio: “Bai, zure senarra putetxeetan ibiltzen da, argazkiak dauzkagu”.

      Arantza: Eta hik uste dun, buruan egunero entzuten duen esaldia inoren ahotan entzuteagatik, senarra pikutara bidaliko duela orain arte egin ez badu?

      Saioa: Argazkiak bidaliko zizkionagu!

      Arantza: Seme-alabengandik ezkuta ditzan? Tira, hots egion, esnatu ezan, goizaldeko ia ordu biak baino ez ditun, ez dun gehiegi asaldatuko.

      Saioa: Sartu ezan hire ironia paternalista hori...

      Arantza: Sarri egiten dinat. Hik ez? Probatu nahi al dun?

      Langarra loditzen ari zuen ninbostratuetan.

      Ez nion Saioari esan, Bitorren begiradari nireganako mesfidantza igarri niola, Fidel Imazi mezua bidal ziezaion proposatu nionean. Baina egin zuten hala ere mezu trukea, eta biharamunean elkartuko ziren, Fidel eta Bitor biak bakarrik. Hor konpon!, akituta nengoen. Diruarengatik ari nintzen bahiketan parte hartzen, ez nion beste ezer zor.

      Biharamunean, bazkaltzeko tenorean esnatu nintzen. Begiak desagertzeraino puztuta zituen komuneko ispilukoak. Dutxa epel bat hartu ostean, mugikorrean dei galdu bat, mezu bi, hiru abisuak pantaila betean: 1) Rekalde aretotik, bidaltzeko albait arinen erakusketarako testu laburra; 2) Koktel bateko argazki eske Europa Pressekoak; 3) Bitorrekin biltzeko adarrotsa.

      Erakusketarako testua lehenetsi nuen. Idazle hasiberriarenak bazterturik, kafeari kea zerion idazten bukatutakoan:

 

Potretak

2010-2015

 

Memoriak erredentzioa dakar. Oroitzen duguna ezerezetik libratu dugu, ahantzitakoa abandonatu. Naturaz gaindiko begi batek dena ikusten badu, denboratik kanpo, oroitzearen eta ahaztearen arteko bereizketa epaiketa bat bihurtzen da, justiziaren irakurketa da, eta beronen arabera, oroitua izatea saria den gisa berean, ahantzia izatea zigorra da. Industrializatutako mundua, jendarte ekonomikoki garatua, iraganak izuturik, etorkizunarekiko itsu, justiziari sinesgarritasuna erauzi dion oportunismoaren menpe bizi da. Oportunismo honek oro bihurtzen du ikuskizun: natura, historia, sufrimendua, pertsonak, hondamendiak, kirola, sexua, politika. Bilakaera horretarako bitartekoa da kamera. Denbora, argazkietan erakutsi daitekeena da. Hortik aparte ez da deus, ez dago errealitaterik argazki batean kabitzen ez denik.