Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2023, antzerkia
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

26

 

Besaulkian hartu ninduen loak txostenaren laugarren orrialdea amaitu baino lehen, urteetan errepikatu zaidan amets zital batean murgildurik. Tematia da amets gaizto hau, badaki beldurra baino, egunetan erantzi ezin izaten dudan larrimina sortzen didala eta lorik sakonenean erasaten nau:

      Antzoki batean nago. Aulkiak belusezkoak dira jarlekuak bezalaxe. Ikuskizuna aurkezten hasten da banpiro bat. Ni eszenatoki azpian nago, belauniko kameraren objektibotik begira. Ilun dago, flasha behar dut. Publikoa soilik beira-fibrazko katamaloak janzten dituzten andrazkoek osatzen dute. Atzeoihala igotzen dute. Eszenatokiaren erdian autobus geltoki bat, autobus baten barrualdea eta gizon bat ageri dira. Gizon arrunta da, bakarrik dago. Autobuseko bere betiko lekuan jesartzera doala, beste norbait dagoela konturatu eta haren ondoan geratu da, zutik, begietara begira, nahiz eta autobuseko gainontzeko jesarlekuak hutsik egon. Ez dute berbarik egiten. Jesarrita dagoena altxatu eta beste jesarleku batera doa. Argiak itzali dira. Piztu dira berriz. Autobusak huts egin dio, ez da agertu, eta gizonak munduan duen lekua galduko duela uste du. Eta leku horren bila abiatzen da. Atzeoihala aldatzen dute. Gizona hiri bateko plaza batean dago. Egunero hartu ohi duen autobusen antzeko mordo bat ikusten ditu. Burua bueltaka hasten zaio, inguru guztia bueltaka ari zaiola sumatzen du, zurrunbilo batean dagoela sentitzen du. Eszenatokira igo eta gizonari jarraitzen diot atzetik. Ikusten dituen autobus guztien erdiko ateen ondoan jesarrita daudenen parean, kristalak jotzen ditu eskuekin. Bat-batean, egunero lanera eroaten duen autobusa identifikatu duela iruditu zaio. Autobusa plazatik urrundu egiten da, gizona eta biok atzetik. Ahotik odola bota arte darraio gizonak autobusari. Atzeoihala aldatzen dute. Gaua da. Gizonak ez daki non dagoen. Alboetara begiratzen du. Errepide bat. Atzeoihala aldatzen dute. Egunsentia da. Gizona esnatu egin da. Errepideari begiratzen dio. Ez da inor ageri. Autobus baten gurpil arrastoak igartzen ditu asfaltozkoa ez den bide batean. Burua altxatzen du eta, aurrez aurre, autoen desguaze bat ikusten du. Autoei begira dagoela, autobus bati erreparatu dio. Maletina askatu eta korrika doa autobuserantz, alarauka letaginetan adur. Autobusaren ateak itxita daude. Maletinarekin jotzen du kristala. Ez da apurtzen. Ukabilarekin jotzen du, ez da apurtzen. Buruarekin jotzen du, aurpegia odolez estali arte. Arrakalatu du. Soldadu besamotz bat sartu da eszenatokira. Odola garbitzen dio gizonari begien parean. Gizonak topeka darrai kristalaren kontra. Kostata apurtzen du. Kostata sartu da autobusean. Erdiko atearen alboko jesarlekuan jesarri da. Erlojuari begiratu dio, arnasa hartu eta irri egin du. Atzeoihala erortzen da. Kamerari begiratzen diot. Gero, publikoari. Katamaloagaz biluzik dauden emakume guztiak zutik jartzen dira. Katamaloak eranzten dituzte, denek aurpegi berbera dute. Argiak itzaltzen dituzte. Iluntasunari begira nago luzaroan, harik eta bukaerarik ez duen zulo batean amiltzen ari naizela ohartu eta arnasestuka esnatzen naizen arte.