Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2023, antzerkia
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

27

 

Fidel Imazek ahots lakarrez jakinarazi zion Emilio Aberasturiri ia berrogeiko sukarrak lotzen zuela ohera.

      Fidel: Ezingo dut bezeroaren itsumutilarena egin. Badakit, bezperatan abisatzea putada galanta da, baina usten nuen egun pare batean sendatuko nintzela, horregatik ez dizut lehenago deitu. Barkatu, ez da berriz gertatuko. Haserretuko zinela nekienez, ordezko ezin egokiagoa lortu dizut. Taxi gidaritzan hamarkadak daroatzan gizon prestu eta konfiantzazkoa da, Bitor Larralde. Berba neurtukoa, aginduak betetzekoa, sekretu jagole itsumutugorra. Jakitun eta gertu duzu.

      Emilio: Hara, Fidel, lagunak gara eta zintzoa izango natzaizu. Zuzendari nagusia arduratuta dago, postaz jaso dituen argazki batzuek kezka handia eragin diote. Oraintxe bertan, enpresak zurekiko duen konfiantza kolokan dago. Zuk deitu aurretik ere, Zack Vicente beste gidari batek zerbitzatzeko agindu dit nagusiak.

      Fidel: Irudiak edo argazkiak, zer dira?

      Emilio: Argazkiak.

      Fidel: Ikusi al dituzu?

      Emilio: Ez, baina zuzendari nagusiarekin nengoen, hark begien aurrean erabili dituenean.

      Fidel: Eta zer esan du?

      Emilio: Afera konpontzea niri dagokidala. Eta horixe egin behar dut, Fidel, hileroko milaka eurotako soldata galdu gura ez baduzu, argazkiena albait arinen konpondu behar dugu. Bihar goizean hemen gura zaituztet ordezko gidari hori eta zu, lehen orduan.

      Fidel: Baina sukar honekin, ez naiz ohetik jaikitzeko gauza...

      Emilio: Bihar arte. Agur.

      Fidel Imazek jakin bazekien Emilio Aberasturik ez ziola apatxa bitan sartzeko betarik emango. Atoan deitu zion Bitor Larralderi, tratua zergatik hautsi behar zuen jakiteko.

      Bitor: Nik ez dizkiot argazkiak inori bidali. Beste norbaiten haserrean erorita egongo zara.

      Fidel: Bilbon inor ez litzateke ausartuko niri horrelakorik egiten. Ezaguna da Emilio Aberasturiren besoetakoa naizena. Gainera, oso gutxik dakite zein dudan benetako ogibidea, eta dakitenek ez lidakete mehatxurik egingo. Ez kontatzeko askoren lekuko izan naiz. Hogeita lau ordu dituzu argazkiak zure taldeko nork bidali zizkidan argitzeko. Ostantzean Aberasturirenagana joko dut urretxindorrarenak kantatzera.

      Bitor: Badakit argazkiena noren azpikeria den, baina telefonotik ez. Ordu erdian Olagortan.

      Doloresenean kontatu zigun hori guzti hori Bitorrek. Eternoa egin zitzaidan ezkerreko eskuko dardara haren baretu ezina. Galdetu zidan bietako nork zergatik bidali zizkion Iberdrolako zuzendariari Imazen argazkiak.

      Bitor: Enpresaren izen ona kakaztu eta, bide batez, Zack Vicenteren biharamuneko bahiketa lorrindu dezakete argazki horiek. Eskerrak Imazek sasoiz proposatu ninduen! Zer ostia duzu buruan?

      Saioa: Ahalik eta oilar gehien lumatzea, horixe! Imazek merezi zuen, kabroi alaena. Haren emazteak, Flaviak eta bere behargin izorratuek eskertuko digute. Doala infernura! Imazek bete du egitekoa, ez digu beste ezertarako balio, ez digu trabarik egingo.

      Arantza: Esaiozu Imazi, aitortu dizugula geuk bidali ditugula argazkiak. Zack Vicente joan arte ez dute beste ezertarako betarik izango. Esaiozu prest gaudela zuzendari nagusiaren aurrean gure bekatuak konfesatzeko. Denbora irabaziko dugu.

      Saioari Imazekin larrutan egin nizkion argazkiak oroitu nituen. Gogoan iltzaturik nituen gozamenezko bere imintzioak. Ez nuen fitsik esan, ustezko gezurkide ninduen. Mahaiaren azpitik ostikoa eman nion Bitorri, Rekalde aretora joan behar nuela-eta, itzuliko nintzela geroago esanez. Azeriki abegikor eskaini zidan bere taxia hitzordura garaiz iristeko.

      Errebaletik behera azaldu nizkion Saioarenak.

      Arantza: Garrantzitsuena esaten ez dena da, Bitor. Garrantzitsuena entzuten ez dena da, garrantzitsuena ikusten ez dena da, garrantzitsuena ez dena da. Saioa alaba duzu, aitatzat zaitu umetatik, ez duzue sekreturik elkarrentzat, ez zintuzke ezerengatik salduko. Zuzen neurtu du pauso bakoitza, zaude lasai.

      Bitor: Baina plana izorratzeko egin du!

      Arantza: Bai, zera! Gelditu taxia. Begiratu argazkioi.

      Bitor: Ni bai kokoloa!

      Eta barretxoa zabaldu zitzaion aurpegian, labankada baten odoljauzia begiradan.

      Ezkutaketa jolas etengabea zen gurea.