Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

MATERIAL CULTURE

 

Lurpean aurkitzen zaituztenean, hilotz,

esango dute hona hemen Homo Sapiens,

ez askoz gehiago.

Hara bizkarrezur segmentuduna,

pelbis zabal bat.

Hara garezur handia hagin txiki batzuekin.

Begiak aurpegiaren erdialdean

ikusmena handituz.

Batez bestekoa baino altuagoa:

metro eta hirurogeita hamar.

Agian museoren batera eramango zaituzte,

baina ez da izango

maitatzeko zenuen modu eder horregatik,

lotsatzean egiten zenuen keinu horregatik.

Ez dituzte aintzat hartuko zure

eskerrak emateko manera naturala,

esaldi enigmatikoak eta

belarrira errezitatzen zenizkidan

poema ingenuo haiek.

Gehienez ere esango dute

hona hemen Homo Sapiens Sapiens,

harro egoteko moduko motibo bat balitz bezala.

 

 

 

© cc-by-sa Beņat Sarasola

 


www.susa-literatura.eus