Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ARRAZOI DUZU

 

Arrazoi duzu, eta beraz, zurea da kexatzeko eskubide guztia. Haserretzeko arrazoi guztia, gogaitzeko eskubide guztia. Nola liteke zure senar horrek halako maitasun istorioak idaztea? Ez duzu ezer ulertzen eta ez duzu zertan ulertu behar, andere. Uste zenuen, ondo uste ere, zu ezagutzearekin batera ahituko zitzaizkiola bere maitasun istorio hain liluragarri haiek. Baina idazten jarraitu zuen, eta ez iraganean preseski, ez 3. pertsona aseptikoan, eta ez zu bezalako emakumeei buruz, emakume altuago batzuei buruz jeneralean, musika klasikoan adituak zirenak-eta. Bai, ez duzu zertan ezkutatu. Zu baino emakume perfektuago batzuei buruz idazten du zure senarrak. Jeloskor jartzeko eskubide guztia duzu, andere. Azken aldian laztan bat bera ere egin ez dizun hori, hitz politak esateko gai ez den ganorabako hori, gauza sentzilloenak ere gobernatzeko kapaz ez den inutil total hori, zer eta, maitasun istorio hunkigarriak idaztera dedikatzen da. Sariak eman dizkiote, kritika bikainak irakurri dituzu egunkarietan, idazle ospetsuenen aipamenak; eta zuk, emakume gajo horrek, ezin duzu eraman halakorik. Eta horrela, bakarrik zaudenean, Jesukristori galdetzen diozu ea zergatik ez zintuen zapatari batekin ezkondu.

 

 

 

© cc-by-sa Beņat Sarasola

 


www.susa-literatura.eus