Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

LAUROGEIKO HAMARKADA

 

Laurogeiko hamarkadakoa naizela badiot

ez da Mark David Chapman

madarikatu nuelako Central Parken.

Ez Tinanmenen tankeek zapaldu nindutelako

zapaltzeko ezin modu zapaltzaileagoan.

Ez naiz laurogeiko hamarkadakoa

deskubritu nuelako heriotzaren

abizenak GIB HIES zirela.

Ez Gijonen Zamoraren golaren ondotik

jendearen gainera jauzi egin nuelako.

Ez Postdamer Platzen kapitalismoari

merezi zuen ongietorria eman niolako,

espekulatzaile domestiko baten antzo

Hesiaren zatitxoak biltzera dedikatuz.

Ezta ere Challengerrak zeruan nola

erlojuetarako ehunekoen orratzak

aldarrikatzen zituen ikusi nuelako.

Laurogeiko hamarkadakoa banaiz, bada,

ez da Ian Curtisen taula gaineko

krisialdi epileptikoak ikusi ahal izan nituelako.

Ez da Txernobilgo ahate deformatuei

eta tximeleta fosforitoei kantatu nielako

«Nuklearrik? Ez, eskerrik asko».

Ez Jacques Derridari idazten

aditu niolako Zorroagan.

Laurogeiko hamarkadakoa naizela diot

mila bederatziehun eta laurogeita lauko udaberrian

nire amak, baikortasunez hordi, bere semea

munduratzeko indar guztiak bildu zituelako.

 

 

 

© cc-by-sa Beņat Sarasola

 


www.susa-literatura.eus