Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

HITZ EGITEKO MODU BAT

 

Suizidak ezin du sinetsi

bere burua (hitz egiteko modu bat da)

etxe zaharreko paretetan islaturik agertzen denean,

edo trumoi hots artean Leirek

egongelan film bat ikusten ari dela

bere hatsa entzuten duenean,

edo goizeko bostetan Leire komunera doala

suizida pasilloan kandela bat eskuan agertzen denean

bere borondatearen kontra eta Ku Klux Klan

-ekoa ematen duen jantzi batekin,

ezin du sinetsi Leire

oihuka hasten dela ero baten antzera

eta gero, aurpegia zurbil (beste bat dirudi),

telebistetara joaten dela gertatutakoak kontatzera,

eta nola han ura ekartzen dioten erregutuz

lasaitu, arren, zuzenean gaudela!

 

Suizidak ezin du sinetsi:

«Hil ondoren horrela ibili beharra ere».

 

 

 

© cc-by-sa Beņat Sarasola

 


www.susa-literatura.eus