Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ERREPUBLIKA BANANEROAK

 

Ez da erraza.

Besarkatzen nauzunean

errepublika bananero batean sentitzen naiz,

zure bilo luzeek itoko ote nauten beldur.

Begi xalo horiekin begiratzen nauzularik

nork esango luke halakorik egiteko

gai izango zinatekeenik.

Ez da erraza,

ez naiz inorekin fidatzen jada.

Nire zakila eskuetan hartu eta

aurpegia gerturatzen duzunean

okerrena pentsatzen dut.

Sukaldean sartu eta labanatzar horrekin

ikusten zaitudanean, urduri jartzen naiz.

Zergatik gidatzen duzu abiada horretan?

Zeren presa duzu?

Eta gero gainera balkoian dantza egiteko

duzun mania arraro hori...

Benetan, ez dakit zer pentsatu.

Errepublika bananero batean sentitzen naiz.

Eta barre algaraka imajinatzen zaitut batzuetan

koarto ilun batean, traje beltzak eta eguzkitako

betaurrekoak daramatzaten gizon misteriotsuekin.

 

 

 

© cc-by-sa Beņat Sarasola

 


www.susa-literatura.eus