Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

RAMON SAIZARBITORIA ETA AMODIOA

 

Goitik behera irakurriak nituen Egunero hasten delako, Bihotz bi, Rossettiren obsesioa, Kandinskyren tradizioa. Emakumea bankuan eserita zegoen, Babelia irakurtzen. Ni bertara gerturatu nintzaion, patxada eta sosegua erakutsi nahian.

 

Batzuetan gauzak ez dira ongi joaten, ez dago bermerik gure mundu honetan, «risk society», arriskuaren gizartea. Risk society, arriskua eta oinetakoen lokarriak solte. Risk society, arriskua eta lokarriak zapaldu nituen. Risk society, eta emakumearen aurrean ziplo erori. Aurpegia odolusten eta emakumea Babelia irakurtzen. Garrasiak, telefono deiak, anbulantzia, eta emakumea Babelia irakurtzen.

 

Arren, ez espero epikarik, gutxiago lirikarik. Emakumea ez zen ospitalera bisitan etorri. Risk, arriskua, emakumea Babelia irakurtzen.

 

 

 

© cc-by-sa Beņat Sarasola

 


www.susa-literatura.eus